"Pentsatzen duguna esate hutsagatik atxilotu ahal gaituzte"

Tolosaldeko Ataria 2015ko mai. 20a, 19:53

Egun luzea izan zen asteartekoa Iker Ibarluzea ibartarrarentzat. Guardia Zibilak atxilotu zuen Armiarma III operazioaren barruan, sare sozialen bidez terrorismoa goratzea leporatuta. 

Goizean atxilotu zuten eta arratsaldean utzi zuten aske. Pasa den astean, gainera, kalean zegoela bi guardia zibil gerturatu eta identifikatzeko eskatu zioten, hain justu, atxilotzera etorri zitzaizkion herenegun bi guardia zibil horiek.

Ibarluzea Atariako kolaboratzailea da, eguraldiaren iragarpena egiten du egunero Ataria Irratian, eta Atariak adierazpen askatasunaren aldeko apustua berrestearekin batera kolaboratzaileari babesa adierazi dio.

Terrorismoa goratzeagatik bai, baina hori leporatzeko zer esan duzun zehaztu gabe atxilotu zaituzte, ezta?
Niri oso gainetik, orokorrean, esan zidaten terrorismoa goratzeagatik atxilotu nindutela. Ez didate zehaztu zer esan dudan. Egiten didaten salaketa fundamentu gutxikoa eta oso orokorra da. Atestatua irakurtzean ikusi beharko dugu zer esan dudan terrorismoa goratzeko.

Gertukoei gertatutakoaren berri emateko aukerarik ez zenuen izan.
Horrek kezkatzen ninduen gehien. Gertukoei zer gertatzen zen azaldu nahi nien, eta berez atxilotuak badu atxilotu bezain pronto dei bat egiteko eskubidea, baina niri ez zidaten aukera hori eman. Nire ama eta gertukoak bi ordu beranduago enteratu ziren atxilotu nindutela. Nire amari deitu ziotela esan zidaten arte ez nintzen lasaitu.

Arratsaldean egon zinen abokatuarekin.
Intxaurrondora 12:00etan edo iritsiko nintzen, eta 17:45ak arte edo ez nuen abokatuarekin hitz egiteko aukerarik izan. Deklaratzeari uko egin nion, eta 18:00etan utzi ninduten libre.

Zer esan dizu abokatuak?
Atestatua ez du irakurri eta akusazioa oso orokorra dela. Oraindik ez dakigu zeintzuk dire leporatzen dizkidaten salaketa zehatzak. Terrorismo goratzeak hiru maila dituela ere esan zidan. Horietako bat ETA goraipatzea izango litzateke, eta nire kasuan ez dago horrelako ezer, twitterren ez dut horrelako ezer idatzi. Badago beste maila bat, biktimak umiltzearena, eta hori oso anbiguoa dela esan zidan, oso orokorra dela, eta hortik jo dezaketela. Okerrenean jarrita ere bi urteko kartzela zigorra ezarri ahal didate, ez nintzateke kartzelara joango, baina karguekin geratzen naizenez, dezenteko putakeria da.

Honek luze joko duela ere esan zizun, ezta?
Operazio honek bi aurrekari ditu eta aurrekoan atxilotutakoak epaiketa zain daude oraindik. Lasai hartu behar dut, baina zaila da.

Non geratzen da adierazpen askatasuna?
Pertsona bakoitzaren pentsaera librea da, nahiz eta guri edo beraiei ez gustatu. Pentsaera libre izan beharra dauka, tristea da benetan pentsatzen duzun zerbaitengatik espetxera bidali ahal izatea. Adierazpen askatasunaren kontrako eraso bat da hau, pentsatzen duguna esate hutsagatik atxilotu ahal gaituzte.

Nola jokatuko duzu aurrerantzean?
Ez naiz moztuko, baina ematen du beldur pixka bat. Ez dut ezer iraingarria jarri, baina aurrerantzean zaila izango da ez moztea. Kontuz ibili beharko dut eta anonimatua zaintzen saiatu.

Babes asko jaso duzu, plazan egunean bertan egindako batzarrera jende asko gerturatu zen.
Hunkigarria izan zen plazan herritarrek emandako babesa ikustea. Gaztetxean saharar batzuk hitzaldia eskaini behar zuten eta horiek ere babesa azaldu zidaten. Denei eskerrak eman behar dizkiet momentu txar hau hobeto eramaten laguntzeagatik.

Erlazionatuak

Iker Ibarluzea aske geratu da

Tolosaldeko Ataria 2015 mai 19 Ibarra

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!