Iker Ibarluzea aske geratu da

Tolosaldeko Ataria 2015ko mai. 19a, 14:15

Iker Ibarluzea ibartarra goizean atxilotu du Guardia Zibilak, Tolosan. Operación Araña III delakoaren barnean, «terrorismoa goratzea» leporatuta eraman dute Intxaurrondora, eta deklaratzeari uko egin ostean, aske utzi dute 18:00ak aldera.

Aske geratu ostean, Tolosaldeko Ataria-ri kontatu dio gertatutakoa bertako kolaboratzaile den Ibarluzeak: «Goizean etxetik ateratzean ikusi dut Guardia Zibila, eta pentsatu dut sarekadagatik izango zela». Tolosaraino jarraitu diotela adierazi du, eta bertan atxilotu dute. Uko egin dion deklaratzeari ibartarrak, eta abokatuak jakinarazi dioenez: «Luze joko du kontuak, eta gehienez bi urteko zigorra izan daiteke».

Atxiloketa honen ostean, sare sozialen erabilerari gehiago begiratuko diola argitu du: «Adierazpen askatasunaren aurkako erasoa izan da. Ezin da ezer esan edo idatzi. Ezin duzu libre pentsatu. Ez naiz libre sentitzen».

Arratsaldean bertan Ibarrako plazan egin duten batzar informatiboan herritar ugari elkartu da Iker Ibarluzeari babesa emateko. Ibarluzea bera bertan izan da gertatutakoa azalduz. Jexux Peñagarikano alkateak ere elkartasuna adierazi dio, eta gertatutakoa salatzeko idatzi bat aterako dutela gaineratu du.

Pasa den astean, maiatzaren 14an zehazki, Guardia Zibilek Tolosan identifikatu egin zuten Iker Ibarluzea, Zumardi Txikian.

Operazioa, zabalik

Goizean goiz zabaldu dute operazioa. Bizkaian Kaiet Prieto, Xabier Arruza, Alfredo Ramirez eta Andeka Jurado atxilotu dituzte; Araban, Jon Egurzegi. Euskadi Irratiaren arabera, Xabier Otero ere atxilotu dute. Prieto eta Ramirez, ordea, jada askatu dituzte. Polizia operazioak zabalik jarraitzen du, baina berri agentzien arabera, Espainian, Katalunian, Galizian eta Hego Euskal Herrian 30-40 lagun inguru atxilotuko dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!