Irisgarritasuna hobetzeko lanekin jarraitzen dute Ibarran

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko api. 20a, 17:47

Txumitxa eta Montes arteko espaloia konpontzen hasi dira

Pasa den urtean hasi ziren irisgarritasuna hobetzeko lanak egiten Ibarran. Hainbat gunetako espaloiak zabaldu eta hobetu dituzte jada, eta gaur gune berri batekin hasi dira. Lehen fasean Txumitxa eta Montes arteko espaloia hobetu eta zabalduko dute, eta ondoren, plazako sarrerako espaloia, Euskal herria kaletik beherantz, berrituko dute. Lanak hilabete eta erdi irautea aurreikusten du udalak.

Txumitxa eta Montes arteko espaloia zabaldu egingo dute eta lekurik estuenean 2 metroko zabalera izango du aurrerantzean. Era berean, edateko uraren sistema ere berrituko dute: orain dagoen hodia fibrozementuzkoa da eta filtrazioak dituela dio udalak, eta horregatik berrituko dute. Ur Zerbitzuak-ek egingo du lan hau. Bukatzeko, oinezkoen segurtasuna areagotzeko errepidea estutuko dute eta zebrabidea gorago geratuko da, horrela ibilgailuen abiadura murriztea lortu nahi dute eta oinezkoen segurtasuna areagotu, beraz.


Plazako sarrera
Lan hauek bukatuta bigarren faseari ekingo diote. Plazako sarrerako espaloia zabaldu eta berrituko dute, Euskal Herria kaletik beherantz. Bertan zoru berria jarriko dute, zabalagoa, eta baita baranda bat ere, segurtasuna areagotu asmoz.

Udalak herritarrei lanek irauten duten bitartean segurtasuna bermatzeko jarriko dituzten seinaleak errespetatzeko eskatu die.

Aipatu moduan Ibarrako Udalak iaz hartu zuen herriko irisgarritasuna hobetzeko konpromisoa.
Lehenik Euskal Herria kaleko 19. zenbakitik 25era bitarteko gunean, anbulatorio pareko semaforotik alokairuzko etxebizitzetarako gunean, espaloia berritu zuten. Ibaiganen semaforoaren segidan dagoen espaloiaren luzera zabaldu zuten bestalde, eta baita plazako zubiaren inguruan lan batzuk egin ere.
Era berean, Euskal Herria 38 eta 42 zenbakien arteko espaloia berritu zuten orain hilabete batzuk eta ur hoditeria ere aldatu zuten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!