Hondakin arriskutsu eta bereziak botatzeko etxola jarri dute Ibarran

Ataria 2015ko mar. 13a, 10:52

San Inazio auzoan jarri dute etxola

Tolosaldeko Mankomunitateak jarri du San Inazio auzoan. Etxolak hainbat zulo ditu gai desberdinak botatzeko: aparatu elektriko eta elektroniko txikiak, kotxeko bateriak, CD eta DVDak, pilak, motoreetako olioa, fluoreszenteak...

Garbigunera eraman behar izaten diren hondakin arriskutsu eta berezien kudeaketa ahalik eta egokiena izan dadin jarri du Tolosaldeko Mankomunitateak etxola Ibarrako San Inazio auzoan. Ibarran atez ateko hondakin bilketak emaitza onak eman ditu eta horregatik eman nahi izan die Mankomunitateak gai hauek kudeatzeko aukera. "Modu honetara, herritarrek eskuragarriago izango dute hondakin  mota hauek eramateko gunea, eta horrek erabilera handituko duela aurreikusten dugu. Era honetara, gehiago izango dira tratamendu egokia jasoko duten hondakin arriskutsuak", esan du Mankomunitateak.

Era berean, aipatu dute etxola mota hauek Villabona eta Tolosan ere jarri dituztela. "Gainerako udalerrietan oraingoz ez dute etxolarik jarri, baina guztietan eman nahi dugunez irtenbidea, udaletxe guztietan jarriko dira tamaina txikiko hondakin arriskutsuak uzteko kaxak", azaldu dute. Hainbat herritan jarri dituzte jada.

"Hondakin mota honi arriskutsu deitzeak adierazten duen moduan, kudeaketa egoki bat gabe, ingurugiroarentzat zein osasunarentzat oso kaltegarri izan daitezkeen hondakinei beharrezko tratamendua ematea dugu helburu, eta bermatzen ari gara etxola hauen bidez geroz eta gutxiago direla zabortegietara bideratzen diren hondakin arriskutsuak", esan dute. Horregatik nabarmendu dute, gai hauek ezin direla errefusarekin nahastu, horrek arriskuan jartzen baitu ingurumena eta biztanleen osasuna.

Etxolek itxura desberdinetako hainbat zulo dituzte, gai desberdinak sailkatzeko. Irudi eta testuak dituzte jakiteko zulo bakoitzean zer sartu behar den.

Honakoak dira etxola hauetan biltzen diren gaiak:

  • Aparatu elektriko eta elektroniko txikiak: batidorak, plantxak, patrikako telefonoak, ordenagailuetako teklatuak..
  • Kotxeko bateriak
  • CDak eta DVDak
  • VHS bideo zintak eta musika kaseteak
  • Merkuriozko termometroak (plastikozko poltsa itxietan)
  • Pilak: alkalinoak, botoi-pilak eta bateria txikiak
  • Erradiografiak
  • Aerosol beteak edo erdi beteak
  • Disolbatzaileak eta garbiketako produktuak (ondo itxitako ontzietan, isuririk
  • egon ez dadin)
  • Tinta eta toner kartutxoak
  • Margoak eta brotxak (ondo itxita)
  • Motoreetako olioa (plastikozko bidoietan eta ondo itxita)
  • Fluoreszenteak, kontsumo baxuko bonbilak eta halogenoak

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!