Aurkaria zoriondu eta lanean jarraitzea besterik ez zaio gelditzen Ibarrari

Asier Imaz 2015eko otsailaren 25a

Lauburu Ibarrak etxean 0-5 galdu zuen asteburuan, Zierbena handi baten aurka. Atsedenaldira 0-2 iritsi ziren bi taldeak, eta bigarren zatian, kanpokoen nagusitasuna agerian geratu zen. 

Zierbena kantxara indartsu sartu zen. Eurentzat zelai zaila da Belabietakoa, azken hiru partidetan garaipenak ihes egin baitie. Horren jakitun, laugarren minuturako aurretik jarri ziren bizkaitarrak. Ibartarrak saiatu ziren, baina defentsa sendoa aurkitu zuten aurrean. Txipi eta Loitzun saiatu ziren urrutitik, baina Zierbenakoen atezaina ez zegoen lo. 14. minutuan iritsi zen kanpokoen bigarrena. Markagailu horrekin iritsi zen atsedenaldia.


Kanpotarrek ligan hirugarren zergatik dauden ederki erakutsi zuten Belabietan, larunbatean. Defentsan sendo, eta erasoan bizi. Talde joko bikaina.


Bigarren zatian lehenengoa bezala hasi zen. Zierbena ez zegoen ezustekorik jasotzeko prest. 24. minutuan, berrio ere kontra eraso batean, Efrenek sartu zuen bizkaitarren hirugarrena. Lehen zatian bezala, gola jaso ondoren etxekoen erreakzioa iritsi zen, baina hasieran gertatu  bezala, kanpoen defentsa indartsuegia zen.
Partida amaitzeko zortzi minuturen faltan, atezain jokalariarekin hasi ziren jokatzen ibartarrak. Kaltetako besterik ez zen izan, Zierbenak beste bi gol sartu baitzituen tarte horretan. Amaieran, 0-5, eta porrot gogorra. Horren aurrean, aurkaria zoriontzea besterik ez da gelditzen; eta lanean jarraitzea. Hurrengo partida sailkapen nagusian hiru puntu atzetik dagoen Fuenmayorren aurka jokatuko du Lauburu Ibarrak. Lesioagatik jokatzerik izan ez zuten jokalariek osatzeko astebete gehiago izango dute.


Larunbatean, Endika, Kristian, Aitzol, Borja, Txipi, Garmen, Loitzun, Xabi eta Andonik jokatu zuten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!