Babarrunaren festa ospatuko dute Hauspoa elkartekoek Ibarran

Maier Ugartemendia 2014ko azaroaren 5a

09:00etatik 13:00etara bitarte V. babarrunaren lehiaketan prestatu beharko dituzte babarrunak

Ibarrako Hauspoa Kultur Elkartea babarrun jatea antolatu dute asteburu honetarako beste urte batez. Baina, eguna ez da babarrun jatera bakarrik mugatuko, goiz osorako egitaraua prestatu baitute.
Bosgarren urtez babarrunaren lehiaketa ibartarra ospatuko dute goiz osoan zehar. Lehiaketan aurkeztu beharreko  babarrunak 09:00etatik 13:00etara prestatu beharko dituzte parte hartzaileek.
11:00etatik 13:00etara herri-kirol jolasak izango dira haur eta gaztetxoentzat San Bartolome plazan. Ordu berean, babarrunarekin prestatutako munduko jakiak ezagutzeko aukera ere izango da.
11:30ean, berriz, txapelketa berezi bati  emango diote hasiera. Aurten bigarren aldiz, sagardoa nork ondoen ateratzen duen jakiteko txapelketa bat antolatu baitute. Azkenik, 14:30ean guztiek batera hotzari aurre egiteko babarrun jatea egingo dute. Babarrunaren inguruan igarotzeko egun bikaina izango da, hortaz, igandekoa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!