Bihar amaituko da estalkia eraikitzeko ideiak bozkatzeko aukera

Maier Ugartemendia 2014ko urr. 24a, 12:30

Ibarrako San Bartolome plazan estalki bat eraikiko dute, eta horretarako ideien lehiaketa bat abian jarri zuen udalak. Lehiaketa horretara aurkeztutako hamabi ideietatik hiru aukeratu zituen epaimahai batek, eta hiru ideia horiek herritarrei aurkeztu zaizkie orain, parte hartze prozesu bidez aukeratzeko nolako estalkia nahi duten herritarrek.

Hiru ideiak kultur etxean egongo dira ikusgai bihar arte, eta botoa emateko aukera ere asteazkenean zabaldu zuten eta biharkoa da azken eguna. Hortaz, 16 urte edo gehiago dituzten ibartarrek, bihar eguerdira arte izango dute horretarako aukera. Atzo izan zen herritarren zalantzak argitzeko bilera, eta bertan izan ziren Jesus Peñagarikano alkatea eta Itziar Agirrezabala udaleko arkitektoa. Bilera horretan hogei bat herritar bildu ziren, eta hiru proposamenen azalpena egin zen. Gainera, herritarrei proposamen bakoitzean aukeratua izanez gero, egingo lirateken egokitzapenak zein lirateken azaldu zuten.

Azalpen horien ostean, herritarrek euren zalantzak eta kezkaz azaldu zituzten. Agertu zen zalantzetako bat egun udaletxearen alde horretan dagoen frontoiaren erabileraren ingurukoa izan zen. Agirrezabala arkitektoaren esanetan, "estalkiak plazan izango duen inpaktoa gutxitzeko" frontoiaren erabilera "murriztu" egin beharko da, hau da, altuera txikiagoa izan beharko du. Baina, frontoi horrek dituen beharrak aztertu dituzte, "haurrentzat egokitutakoa" izan behar duela uste dute, eta hortaz, arazorik  ez luke eragingo. Bestelako kezka, estalkiaren atzeko hormaren itxierarekin, plazaren iskinean dagoen kioskotxoarekin, estalkiaren azalerarekin... lotutakoak izan ziren. Bestalde, herritarrek egin zituzten eskaeren artean daude argiteria eta megafonia gehitzearena, edo kalefakzio sistema jartzearena. Nahiz eta, Agirrezabalak azaldu bezala, "behin-behineko berokuntza" sistema izan beharko lukeen estalki honetarako irtenbidea; zeren eraikina irekia izatean, hori litzateke egokiena.

Agirrezabalaren ustez herritarrak "interesa" agertzen ari dira, eta atzo egindako bilerak edo kultur etxean dagoen iruzkinak egiteko kaxan jasotako iruzkin kopuru handiak hori erakusten dute. Hala ere, aipatu behar da orain herritarren ideia bat aukeratuko dutela, eta gero ideia hori oinarri hartuta proiektu hori bera plazako "beharretara" egokitu beharko dela.

Hortaz, oraindik hiru ideiak ezagutzen ez dituenak horretarako aukera du kultur etxean dagoen erakusketan, eta bide batez, gustukoena aukeratzeko aukera ere badu bihar 13:00ak arte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!