Ibarrako EAJk herriko kaleek duten «zikin itxura» salatu du

Maier Ugartemendia 2014ko urr. 22a, 09:00

«Ontzietan ateratzen diren eta lurrean lagatzen diren» poltsak jasotzeko eskatu dio alkateari

Ibarrako EAJren udal taldeak herriko kaleetan dagoen «zikinkeria egoera» salatu du prentsa ohar baten bitartez. Euren ustez, «ordu luzeetan zabor poltsak jaso gabe edota txakur kakak kendu gabe» egoten dira Ibarrako kaleak.

Itziar Jauregik EAJko bozeramaileak eta alkatetzarako hautagaiak ere kaleek «zikin itxura» dutela adierazi du aipatutako oharrean: «Mankomunitatekoak diren hondakin bilketen zerbitzuak ez dituztelako jasotzen lurrean lagatako zabor poltsak». Ondorioz, «txakur eta arratoientzako puntu erakargarriak bilakatzeko arriskua» dagoela uste du Jauregik.

Horregatik guztiagatik, alkateari eskatu dio mankomunitateko arduradunei zabor guztia bildu dezatela «exijitzeko»: «Bai ontzietan ateratzen direnak eta baita lurrean poltsetan lagatzen direnak ere».

Izan ere, Jauregiren ustez hondakinen bilketarako sistema hau ezarri aurretik, edukiontzietatik kanpo zeuden zabor poltsak «jasotzeko ardura zuten zerbitzuak guztia biltzen zuten edukiontziak husterakoan». Horregatik, Jauregiren esanetan atez atekoa «inposatu» ostean, «horrela jokatzea eta udalak ezer ez esatea» onartezina da.

Bere ustez, gaur egungo bilketa sistemak «arbuio handia» eragiten du, eta hobetu beharrean «bizilagun bakoitzak ondo identifikatutako ontzietan zer botatzen duten kontrolatzea» du helburu udalak.

Gainera, Jauregiren ustez horretarako esleipena duen enpresak «jaso gabe uzten dituen zaborrak, udalaren aginduz, udal langileek» jasotzen dituzte, eta horrek udalarentzat suposatzen duen «aparteko kostua» salatu du. bestalde, alkateari «espaloiak garbitzerakoan eta ureztatzerakoan» maiztasun gehiago eskatu dio.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!