Ibarrako ezker abertzaleak Josetxo Jauregi gogoan du 33 urte beranduago

Maier Ugartemendia 2014ko urriaren 21a

Ibarrako ezker abertzaleak «ezkerretik eraikitako estatuaren» aldeko apustua berretsi du, eta duela 33 urte gaurko egunez Guardia Zibilak hil zuen Josetxo Jauregi ibartarra gogora ekarri nahi izan dute.

Aipatu bezala, 1981eko urriaren 21ean, Pasaia pareko kontrol batean hil zuten Josetxo Jauregi, Andres Izagirre Gogor zornotzarrarekin batera; biak ETAko kideak ziren.

Ibarrako ezker abertzalearen ustez, gertaera horien testuingurua ulertzea «ezinbestekoa» da, euren esanetan «frankismoa amaitu eta haren erreformari argi berdea emandako urteak» ziren. Espainiako konstituzioak eta EAEko autonomia estatutuak «gatazkaren korapiloak ez zituzten askatu eta gaztazkak gordin iraun zuen».

Ezker abertzalearen esanetan, 33 urte beranduago «biktimak gogoan» izateko unea da, baina baita batez ere «konponbideak mahai gainean jartzekoa» ere: «Gatazka bera eta haren ondorioak konpontzekoa». Gainera, euren esanetan espainiar estatuak «krisi larria» bizi du eta «status politikoa aldatzera» doa; hortaz, trantsizio garaian bezala, bi aukeren aurrean dagoela uste du: «Haustura edo erreforma».

Egoera horretan, ezker abertzaleak «hausturaren aldeko apustua» luzatzen du, «herriko sektore zabalak ezkerretik eraikiko genukeen euskal estatuaren alde kokatuz».

Bide horretan, Ibarrako ezker abertzaleak dioenez «ozen» adierazi nahi du: «Egia bide, askatasuna amets».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!