Haurtxokoan parte hartzeko izen ematea zabaldu du udalak

Maier Ugartemendia 2014ko irailaren 16a

Haurtxokoak 0-3 urte bitarteko haurrentzat eta gurasoentzat elkargune izatea du helburu

Ibarrako Udalak Azkue auzoko Haurtxokoa ikasturte honetarako ere martxan jartzeko asmoa du, eta izen emateko epea zabaldu du jada. Haurtxokoa joan den udaberrian jarri zuten martxan "guraso talde baten eskariz". Bertan parte hartu zuten gurasoen balorazioa ikusita, udalak haurtxokoa berriro irekitzeko asmoa azaldu du urriaren 1etik aurrera.

Haurtxokoan, 0 eta 3 urte bitarteko neska-mutilek eman ahal izango dute izena, eta udalak azaldu duenez "izen ematen ez duenak ezin izango du Haurtxokoan parte hartu". Beraz, ezinbestekoa da izen ematea.

Izena emateko interesa dutenek Ibarrako udaletxeko 1. solairuan dagoen Euskara zerbitzura joan beharko dute, astelehenean zabaldu zen jada horretarako aukera. 09:00etatik 14:00etara bitarte egongo da izen emateko aukera.

Haurtxoko honen helburua  "adin tarte horretako neska-mutilek eta beren gurasoek elkargune bat izatea" da, honela beraien esperientziak "trukatzeko", eta "seme-alabek jolasteko eta egoteko" leku bat izatea nahi dute. Gainera, txoko honek berezitasun bat du. Lekua udalarena bada ere, Haurtxokoan dauden haurrez aisiaz gurasoak eurak arduratuko baitira, eta eurak izango diraz antolaketaz arduratuko direnak ere. Guztia beraien artean adostuta.

Esan bezala, zerbitzua urriaren 1ean jarriko da martxan.  Baina, zerbitzua martxan jarri aurretik, udalak bilera egingo du Haurtxokoan interesa azaltzen dutenekin.

Informazio gehiago nahi duena udalaren Euskara Zerbitzura dei dezake, telefono honetan:943 673 827 edo euskara@ibarrakoudala.net helbidera idatzi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!