Piperra protagonista duen azokarako prestaketa lanetan dabiltza Ibarran

Maier Ugartemendia 2014ko ira. 9a, 15:32

Xepla elkarteak X. gastronomia lehiaketa antolatu du eta Ibarrako merkatariek azoka egunerako zozketa dute prest

Irailaren 21ean, igandean, Ibarra azoka eta piparra azoka berezia antolatu dute, eta honi lotutako hainbat kontu martxan jarri dituzte jada.

Batetik, Xepla JKE elkarteak azoka bereziko egunerako X. Piperraren Lehiaketa Gastronomikoa antolatu du. Lehiaketan parte hartzeko izena ematea beharrezkoa da, eta hilaren 16a baino lehen egitea gomendatzen dute antolatzaileek. Sukaldeak izen ematearen hurrenkeraren arabera esleituko dira.

Antolatzaileek sukaldea, gasa, piperrak, piper gorriak eta berdeak eta tipulinak emango dizkiete lehiakideei. Gehitu nahi dituzten osagaiak eta erabili behar duten tresneria lehiakideen kontura izango dira. Bi plater egin beharko dituzte. Batetik, Ibarrako piperra egotea beharrezkoa den Piperrada. Eta bestetik, Ibarrako piperrarekin egindako sei pintxo berdin. Beste osagai batzuekin edo gabe prestatu ahal izango dira. Irabazleei txapela emango zaie eta sailkaturiko lehen hiru garaikurrak eta 200, 150 eta 120 euro, hurrenez hurren, plater bakoitzeko. Parte hartzaile guztiak gonbidatuta daude lehiaketa amaieran egingo den bazkarira. Izena emateko Ibarrako kultur etxeko  943 67 03 99 telefonora deitu edo ibarrakult@euskalnet.net helbidera idatzi behar da.

Merkatarien kanpaina

Hilaren 21eko azokan Ibarrako Merkatarien elkarteak mahai bat jarriko du San Bartolome plazan. Hau dela eta, pasa den ostiraletik, eta azoka ospatu bitartean, merkatariek boletoak banatuko dizkiete bezeroei egiten dituzten erosketengatik. Boleto hauek bete eta guztiak kaxa batean sartuko dituzte, azokaren egunean zozketa egiteko. Bazkide bakoitzak opari bat jarriko du egun horretarako, eta ateratzen diren txartelen berri emango dute momentuan bertan bozgorailuetatik.

Bestalde, azoka egunean jarriko duten mahaiean edo gunean beste ekintza batzuk ere burutuko dira. Batetik, gazteenentzako bi tailer antolatu dira 11:30etik 13:30era; batean pastelak egiteko aukera izango da, eta bestean, batidu dibertigarriak egingo dituzte. Bestetik, mahaira hurbiltzen diren lehenengo berrehun lagunei edo familiei, merkatarien elkarteak opari «polit» bat ere emango diete.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!