Sanfilippo gaixotasuna gelditzeko egun osoko festa antolatu dute Ibarran

Tolosaldeko Ataria 2014ko ira. 8a, 13:53

Herriko gazte talde batek jarri du martxan irailaren 27an egingo den Stop Sanfilippo Eguna, Oier Iribarren Ibarrako haurrarentzat laguntza jasotzeko. Dirua lortzeko, besteak beste hainbat kirolarik utzitako materiala zozkatuko dute. Horrez gain, enkantean jarriko dituzte bi objektu oso berezi: Pukas etxeak emandako surf taula argiduna eta Asier Muniainek emandako skate taula argiduna.

Hainbat ekitaldi antolatu dituzte elkartasun eguneko goizarako: Guau! elkartearen eskutik zakur erakustaldia, zaldi gurdian eta poneyetan paseoak, produktuen postuak, urdaiazpiko mozketa barne, eta Alain Salbadorren erakustadia motozerrarekin egur tailak egiten. Ondoren, bazkaria egingo da (txartelak 15 eurotan daude salgai Ibarran eta Tolosan), eta hori bukatu eta gero, puzgarriak eta jolasak haurrentzako, eta zozketaren sari banaketa etorriko da. Eguna amaitzeko Vendetta eta Glaukoma taldeen kontzertua izango da gaztetxean.

Asier Aristondok hitz egin du antolatzaileen izenean: "Lagun talde bat elkartu ginen eta pentsatu genuen zerbait egin behar genuela. Jende ezagunari materiala eskatzea otu zitzaigun, gero hori zozketatzeko, eta azkenean espero genuena baino gehiago lortu dugu, harrera oso ona izan da". Hortik aurrera jakin zuten beste pertsona batzuk Ibarran egun bat antolatu nahi zutela eta bi egitasmoak elkartu dituzte.

Jendea asko inplikatu dela esan du Aristondok, eta horren adibide izan da Pukas etxeak eta Asier Muniainek egindako ekarpena. Pukas etxeak argiak dituen surf taula eman dio egitasmoari. Horrelako 18 taula bakarrik daude munduan, gauean surf egiteko pentsatua. Asier Muniainek azaldu duenez, ezagutzen ez zuen gaitza zen Sanfilippo gaixotasuna. "Gonbitea bota zidaten egitasmo honetan parte hartzeko eta egia esan harritu ninduen gaixotasuna izan zen eta ikusi nuen babestu beharreko egitasmoa zela. Parte hartzeko argiak dituen skate taula eman dugu, gauza esklusibo eta ikusgarri bat". Bi objektuen enkantea internet bidez egingo dute eta aurki jakinaraziko dute horretarako helbidea.

Bere aldetik, Jexux Mari Peñagarikano Ibarrako alkateak eskerrak eman dizkie egunaren antolatzaileei: "Izugarrizko lana egin duzue. Herritarrak eta herriko elkarteak zarete protagonistak, eta kasu honetan udalari egokitzen zaion lana bere baliabideak jartzea da egun hori ahalik eta ondoen ateratzeko". Irailaren 27an, Ibarrara joaten diren guztien txanda izango dela nabarmendu du Peñagarikanok, "antolatu diren ekitaldi guztiak jendez bete eta diru ekarpena egiteko".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!