Multzoetako lehenek bigarrenen aurka jokatu zuten, ondoren. Ibartarrak Mindegiari egin behar izan zion aurre, eta bi segundoko aldeagatik, kanporaketako finaletik kanpo gelditu zen. Larretxeari ere gauza bera gertatu zitzaion Etxeberriaren aurka. Bi finalistek hurrengo faserako txartela lortu zuten. Otsagabian garaile nor izango zen erabaki aurretik, hirugarren eta laugarren posturako lehia jokatu zen. Irabazleak, hurrengo kanporaketan aizkolariren batek huts egingo balu, bere ordez jokatzeko aukera izango luke. Larretxea eta Mujika aritu ziren postu horren atzetik, eta ibartarrak, segundo bateko aldeaz galdu zuen. Ondorioz, laugarren amaitu zuen kanporaketa.
Mindegia eta Etxeberriaren arteko lehian, azkenik, bigarrena nagusitu zen. Zubietakoa aurretik ibili zen, baina aizkora enborrean kateatu eta denbora dezente galdu zuen. Etxeberriak aukera aprobetxatu eta garaiena lortu zuen.