Martin Garitanok Uzturpe ikastolako Zero Zabor eskola tailerrak bisitatu ditu

Ataria 2014ko martxoaren 17a

Gipuzkoako ahaldun nagusia Ibarrako ikastolan egon da programa bertatik bertara ikusteko. Proiektua Aranzadi zientzia elkarteak gidatzen du, eta bertako Juantxo Agirre Mauleonek emango du tailerren berri.

Aranzadi zientzia elkarteak, Kristau Eskolak, Ikastolen Federazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmena egina dute hondakinen kudeaketa egokia sustatzeko Zero Zabor tailerrak garatzeko eskoletan, eta horietako bat da Ibarrako Uzturpe ikastola.

Lehen Hezkuntzako haurrei zuzendutako programa da, eta hiru tailer ditu. Lehenengoan, Hamaiketakoa izenekoan, zenbat hondakin sortzen dugun eta horiekin zer gertatzen den aztertzen dute. Horrela hondakinak murrizteko lau teknika lantzen dituzte: Beheratu, Berrerabili, Birziklatu eta Birpentsatu. Bigarren tailerrean, Hor Konpost! deiturikoan, konposta zer den, zergatik egiten den eta nola egin behar den ikasten dute gazteek.

Hirugarren tailerrean, Ezagueren aldamiatzea izenekoan, ezagutzak berrikusten dituzte eta haien inpaktua neurtzen dute. Era berean, hamaiketakoan sorturiko hondakinen kuantifikazioa egiten dute berriz ere.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!