Sagardo berria dastatuko dute, Sendi Ekintza egunean

inigoterradillos 2014ko otsailaren 4a

Urtero haurrentzako jolasak egiten dituzte Sendi Ekintza Egunean
Txiriaren irekieraz gain, beste hainbat ekitaldi egingo dituzte: jolasak, txokolatea, eskoba txapelketa...

Sendi Ekintza elkarteak bere eguna ospatuko du larunbatean. Txiriaren irekieraren aitzakian festa antolatzen hasi ziren duela sei urte, eta aurtengoa ere jai giroan igarotzea espero dute antolatzaileek.
Bazkalostean hasiko da festa, etxeko txikienei zuzendutako jolasekin, 15:30ean. Ondoren, helduentzako eskoba txapelketa izango da, 16:00etan. 17:30ean, txokolatea banatuko dute, eta gero denak, gaztetxoak nahiz helduak, jolasean jarriko dira, belaunaldien arteko sendi jolasetan, 18:00etan. Bukatzeko sagardo berriarekin txiriaren irekiera egingo dute, 19:30ean. Jolasak Ibarrako plazan egingo dituzte.
Egun, 340 bazkide inguru ditu Ibarrako Sendi Ekintza elkarteak, eta Xabier Urkizur da lehendakaria. Elkartetik azaltzen dutenez, Sendi Ekintza ez da elkarte soil bat: «Herriari eskaintzen zaion bilgune modukoa da, eta nahiz eta sagardotegia izan, ez da elkarte gastronomiko bat». Hain justu gaztetxoen hezkuntzarekin lotua da bere sorrera, eta helburu horrekin hainbat ekimen burutzen dituzte urtean zehar.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!