Bigarren aldiz egingo dute Urte Zahar Krosa Ibarran

Ataria 2013ko abenduaren 23a

Aurten ere goxokiak eta elastikoak banatuko dituzte parte hartzaile gazteenen artean
Aurten korrikalari bakoitzak elikagairen bat eman beharko du. Biltzen duten janari guztia elikagai banku batetara eramango dute.

Iazko Urte Zahar Krosak izan zuen arrakasta ikusita, ibartarrek bigarren aldiz izango dute aukera urtea korrika bukatzeko. Izena ematen duten helduek hilaren 31n 5.400 metro egin beharko dituzte San Bartolome plazatik hasi eta bukatuta, eta gazteek, aldiz, 300 metrotik 1.800 metrora bitartean egin beharko dituzte adin eta taldearen arabera.

Parte hartu  nahi dutenek izena hilaren 26 eta 27an 17:30etik 19:0era eman beharko dute San Bartolome plazan, eta hilaren 31n 12:00etatik 13:30era leku berean. Aurten izena ematen dutenek elikagairen bat ere eraman beharko dute, Korrikalari bat = Elikagai bat izenpean janaria bilduko baitute, ondoren, elikagai banku batetara eramanteko.

 

Iaz 300 bat korrikalarik hartu zuten parte, eta herriko 28 dendek prestatutako loteak banatu zituzten parte hartzaileen artean. Aurten ere taberna eta dendarien loteak zozkatuko dituzte parte hartzaileen artean, eta bi korrikalarik soilik izango dute saria, gizon eta emakume beteranoenak, hain zuzen. Gazteen artean, aldiz, elastikoak eta goxokiak banatuko dituzte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!