Jon Mintegiagari Madrilera lagundutakoek Herrira-ren aurkako auzia salatu dute

Tolosaldeko Ataria 2013ko aza. 5a, 17:10
Hainbat eragile eta norbanako joan dira Madrilera, Jon Mintegiagari babesa ematera.
Jon Mintegiagarekin batera hainbat eragile eta lagun joan dira Madrilera. Guztiek bat egin dute Herrira-ren aurkako auzia lekuz kanpo dagoela egun Euskal Herriak bizi duen «garai berrian».

Jesus Peñagarikano Ibarrako alkateak azaldu duenez, «ez genuen espero garai hauetan horrela ibili beharko ginenik. Herritar bat behartu dute Madrilera joatera. Inputatuta dator bueltan, bermerik ordaindu behar izanik gabe; 30 lagun joan gara Madrilera eta zorionez 30 lagun itzuli gara. Garai berri honetan horrelako gauzak soberan daude». Peñagarikanok gaineratu duenez, «Herrira bere mezua gizarteratzen ari zen eta operazioa izan da lan hori zangotrabatzeko modu bat. Espero dezagun gaur edo bihar, denak inongo kargurik gabe kalean egotea».
Haimar Altuna Sortuko kideak azaldu duenez, «alde batetik positiboa da Minde gurekin Euskal Herrira itzultzea, baina ez da ahaztu behar inputatuta dagoela eta horrek suposatzen duen guztia: epaiketa bati aurre egin beharra. Seguruenez hilabeteak edo urteak pasatuko beharko dira epaiketa hori egin bitarte, eta horrek pertsonalki badu kostu bat». Herrira-ren aurkako operazioari dagokionez, «preso eta iheslarien aurka daramaten bidea» aipatu du Altunak: «Ezin da ahaztu Jokin Aranalderen aurkako Espainiaratze agindua, eta bere aurka bilatze agindua dagoela. Horrez gain, Sevilla II espetxean 11 preso politikok gose greba mugagabean daudela, beraien oinarrizko eskubideen defentsan, eta hau [atzo] bere bederatzigarren eguna dela. Preso horien artean dago Garikoitz Etxeberria lizartzarra». Horrek adierazten du, Altunaren iritziz, «Estatuak konponbidearen aurkako jarrera aktibo batekin jarraitzen duela. Eta hor garbi dauka preso eta iheslarien aurkako jarrera horrekin jarraitzea dela bidea, errepresioa areagotuz. Herrira-ren aurkako operazioa zentzu berean doa». 197/2006 doktrinaren aurka Europak hartu duen ebazpena ekarri du gogora Altunak: «Gaur da eguna Estatuak ebazpen hori bete ez duela. Pellok oraindik barruan jarraitzen du, eta egunak pasatzen diren heinean, beste egun bat gehiago izango da preso guzti horiek bahituta jarraitzen dutela». Indarrak bildu behar direla esan du Altunak: «Elkartasunetik konpromisora jauzi handi bat egin behar dugu, eragile eta norbanakoak bilduz borroka honetan. Lehentasunezkoa da preso eta iheslarien egoera konpontzea behin betikoz».
ELA sindikatuko Egoitz Iturbek azaldu duenez, «Madrilera joan izanak tristura ematen du. Euskal Herrian bizi den prozesuaren aurrean, hau ez da biderik egokiena. Halere, gaur positibo izateko arrazoiak baditugu, ez baitu bermerik ordaindu behar izan. Pena da karguekin jarraitzen duela. Gure aldetik eskatzen dugu justizia egotea eta denak kalean egotea kargurik gabe». Sindikatu bereko Mikel Zabaletak gaineratu duenez, «Euskal Herrian bizitzen ari garen garaian, bake prozesurako bultzada handiak izaten ari dira, baina Madriletik ez dute nahi bide berdinetik joan. Herrira-ren aurkako auzia beste adibide bat da erakusteko Madriletik ez dutela nahi hori. Gure aldetik Madrili exijitzen diogu behin betikoz konponbiderako bidean jartzea eta horrelako bidegabeko prozesuekin ez jarraitzea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!