Festa batzordeak parte hartze zabalagoa izatea lortu nahi dute

Ataria 2013ko irailaren 18a

Ibarrako festa batzordeak Ibarrako jaien inguruan balorazio baikorra egin du. Dena den, datorren urtera begira festa batzordeak «parte hartze zabalagoa eta eraginkorragoa» izatea lortu nahi dutela adierazi dute.

Festak orokorrean «oso ondo» joan direla ondorioztatu dute festa batzordean. «Parte-hartzea handia izan da ekitaldi guztietan eta giro ona nabarmendu da ezeren gainetik», esan dute. Albiste ez hain onak ere utzi dituzte festek, eta bi nabarmendu dituzte festa batzordetik: «Ezin dugu salatu gabe utzi igande goizaldean izan zen sexu erasoa; hori dela eta, festa batzordeak, Ibarrako koadrilek eta Ibarrako Udalak beste behin eraso hori gaitzesten dugu eta elkartasuna eta babesa erakutsi emakumeari eta bere hurbilekoei. Bestalde, ezin ahaztu Jon Yustosen heriotza eta danborradek eskaini zioten omenalditxoa».

Festa batzordetik esan dutenez, batzordea osatzen dutenak «sentsibilizazio desberdineko herritarrak» dira. «Norbanako, kultur talde, elkarte eta kirol taldez osatua da batzordea eta horrek egiten du berezi». Hala, hurrengo urtera begira, «aurtengo festa batzordeko parte hartzea ikusirik», hausnarketa egin dute batzordeko kideek, eta «parte hartze zabalagoa eta eraginkorragoa» lortu nahi dute. «Hurrengo urterako festa batzordeak herritar, talde edo elkarte guzti-guztiak gonbidatzen ditu jaien antolaketan parte hartzera», azaldu dute.

Festa batzordetik Ibarrako jaiak posible egin duten norbanako zein elkarte guztien laguntza eskertu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!