Ibarra, Azoka eta Piparra azoka berezia izango da irailaren 22an, Hauspoa kultur elkarteak antolatuta. Azokaren barruan hainbat ekitaldi izango dira, eta horien artean, Ibarrako Piparraren Lehiaketa Gastronomikoa egingo dute bederatzigarren urtez. Bada, bertan izena emateko aukera zabalik dago.
Ibarrako Xepla elkarteak antolatzen duen lehiaketa hori Euskal Herri mailakoa da. Datorren astelehena, irailaren 16ra arte eman ahalko da izena, eta antolatzaileek lehenbailehen egitea gomendatu dute, sukaldeak izen emate hurrenkeraren arabera esleituko baitituzte. Antolatzaileek sukaldea, gasa, piper gorriak, piper berdeak, tipulinak eta gainerako osagaiak emango dizkiete lehiakideei. Bestelako osagaiak eta erabiliko duten tresneria euren kontura izango dira. Parte hartzaileek derrigorrez erabili beharko dute Ibarrako piperra euren plateretan. Ibarrako piperrarekin egindako sei pintxo berdin egingo dituzte, beste osagai batzuekin edo gabe prestatuak, baina kontuan izan behar dute zapore nagusia piperrarena izan beharko dela.
Irabazleei txapela emango zaie eta sailkaturiko lehen hirurei garaikurrak eta 200 euro,150 eta 120 hurrenez hurren plater bakoitzeko. Era berean, parte hartzaile guztiak lehiaketa amaieran egingo duten herri bazkarira gonbidatuta daude.
Lehiaketan parte hartu nahi dutenek Ibarrako udaletxeko
943 67 03 99 telefono zenbakira deitu edo kultur etxeko ibarrakult@euskalnet.net helbidera idatzi dezakete.