Ibarrako Udaleko kultura sailak ikasturte berrirako kultur lantegien eskaintza aurkeztu du, eta izena emateko epea zabalik dute interesatuek. Zazpi lantegiren artean aukeratu ahalko da, eta izena emateko edo informazioa eskatzeko Ibarrako kultur etxera deitu ahalko da, 943 67 03 99 zenbakira. Irailaren 27a baino lehen eman beharko da izena.
Sabel dantza, egur taila, ehoziriak, altzariak zaharberritzea eta konpontzea, pintura, eskulanak eta josketa eta arropa konponketa tailerrak egongo dira aukeran. Sabel dantza ostegunetan emango dute, egur taila astearte eta ostegunetan, ehoziri lantegia astearteetan, altzarien zaharberritze eta konpontzea astelehen eta asteazkenetan, pintura astearte eta ostegunetan, eskulan tailerra astelehen eta asteazkenetan eta josketa eta arropa konponketa asteazken eta ostiraletan. Urritik ekainera bitarte emango dituzte kultur lantegiak. Sabel dantza eta ehozirienak 136,78 euroko prezioa dute, eta gainerakoek 170,16 eurokoa. Gazte txartela dutenek %10eko hobaria izango dute prezioen gainean, eta familia ugaria direnek %50ekoa.