Lauburu taldea bigarren B mailan lehiatuko da datorren denboraldian. Pasa den maiatzaren 18an ligako txapeldun titulua lortu zuen Ibarrako areto futbol taldeak, eta ordutik mailaz igo ala ez eztabaidatzen egon eta gero, azkenean taldeak goiko mailan lehiatzea erabaki du.
Azaldu dutenez, «mailaz igotzeak eskaera handiagoa dakar, bai kirol aldetik, bai eta ekonomikoki ere». Baina, «taldeak maila horretan lehiatzea merezi duenez», igotzea erabaki dute.
Bestalde, aldaketak izango dira taldean. Juanan Rodrigez itzuliko da, eta kudeaketa eta kirol zuzendaritza alorrean ariko da. Txubelek, berriz, entrenatzaile izatetik, kudeaketara pasako da, eta horrez gain, harrobiko talderen bat entrenatuko duela adierazi du taldeak.