Eguraldiak lagundu ez arren, «giro polita» nagusitu zen larunbatean ESAITek antolaturiko I. Euskal Herria Mendi Erronkan. Antolatzaileak «oso gustura» geratu dira ekimenak izan duen harrerarekin, «helburuak bete direlako eta guztia espero bezala irten delako».
500 lagun baino gehiago izan ziren larunbatean Leitzako helmugan 65 kilometroko ibilbidea egiteko prest ziren lasterkariak. Leire Agirrezabala ibartarra eta Angel Arrieta Uharte-Arakilgoa izan ziren bukatzen lehenak. Agirrezabalak 8 ordu 24 minutu eta 8 segundo behar izan zituen, eta Arrietak, berriz, 6 ordu 45 minutu eta 51 segundo. Bigarren emakumezkoa, Silvia Trigueros, ibartarra baino 13 minutu geroago helmugaratu zen, eta hirugarrena Monica Grajera alkizarra, 30 minutura. Gizonezkoen kasuan, bigarren sailkatua, Gaizka Barañano amurriotarra izan zen 7 ordu eta 4 minutuko denborarekin, eta bederatzi minutura, Iñaki Martiarena geratu zen hirugarren.
Bestalde Kilometro bertikala ere egin zen, Gaintza eta Irumugarrieta artean, eta Angel Arrieta izan zen azkarrena hemen ere. Leire Agirrezabalak ere maila bikaina erakutsi zuen hemen, seigarren geratu baitzen.
ESAITek antolaturiko ekimenak lasterketarekin batera, euskal selekzioaren aldarrikapena eta festa uztartzea zuen helburu, eta jai giroa izan zen Leitzan egun osoann. Hala, esaterako, gaztetxoentzat jolasak jarri zituzten, eta paella erraldoia prestatu zuten bazkaltzeko.
Balantze baikorra
Martxel Toledo ESAITeko koordinatzaileak «oso balantze baikorra» egin dutela adierazi du: «Lehenengo aldiz egin dugula kontuan izanda oso pozik gaude; batetik, parte hartzearen aldetik, izugarrizko arrakasta izan dugu, izen ematea itxi egin behar izan baikenuen muga gainditu zuelako; bestetik, probarekin ere oso gustura gaude, lasterkarien balorazioa oso ona izan baita, bai zirkuituari dagokionez, oso polita izan dela esan baitigute, eta baita antolaketari dagokionez, ere, guztia oso ondo antolatua zegoela esan baitute lasterkariek».
Aurtengoak izan duen harrera ona ikusita ziurtzat jotzen du Toledok datorren urtean ere bigarren Euskal Herria Mendi Erronka egingo dela. «Lehenengoa oso ondo joan bada, ez dugu kezkarik bigarrena ere oso ondo joango dela». Bada, lasterketa ondo atera izanaren arrazoietako bat boluntarioen laguntza izan dela esan du ESAITeko koordinatzaileak: «Lasterketa posible egin duten guztien laguntza eskertu beharra dago, bereziki herritarrena; Leitzan auzolanerako ohitura handia dutela, eta segituan jartzen dela jendea lanean esan ziguten, eta ikusi dugu horrela dela, lan handia egin baitute».
Leire Agirrezabala Lasterkaria
«Oso lasterketa polita izan da, eta pozik nago lortutako emaitzarekin»
Euskal Herria Mendi Erronkako lehen emakumezkoa izan zen Leire Agirrezabala (Ibarra, 1987). «Oso pozik» dagoela lortutako emaitzarekin azaldu du, ez baitzuen «inondik inora» lehen postuan amaitzea espero.
Hain emaitza ona ez zenuen espero.
Eguraldi txarragatik parte ez hartzea ere pentsatu nuen, beraz, sinistu ezinda nago, oso gustura.
Zer moduzko lasterketa izan zen?
Asko gustatu zait, oso lasterketa polita izan da. Eguraldiarena pena izan da, ikuspegiez ezin izan dugulako erabat gozatu.
Zer moduzko giroa egon zen?
Oso giro polita egon zen. Euria egin arren jende asko egon zen lasterketaren hainbat puntutan, Lekunberrin edota Gaintzan esaterako, eta Leitzan ere jende asko elkartu zen.
Mendi lasterketa askotan parte hartu al duzu?
Leitzakoa bigarrena izan da. Maiatzean Iratin izan zen lasterketan parte hartu nuen, eta han bigarren egin nuen. Hura maratoi erdia izan zen, eta oso ondo etorri zitzaidan Leitzako probarako entrenatzeko.
Mendi lasterketetan hasi berria zara, beraz.
Bai, baina atletismoan urte asko daramatzat, hamar urte nituenean hasi bainitzen korrika. Azken urteetan maratoietan parte hartu izan dut askotan, eta mendi lasterketak probatzeko gogoz nengoen. Pasa den urtean eman nahi nuen pausoa, baina, azkenean aurten animatu naiz, eta espero baino emaitza hobeak lortu ditut.
Datorren urtean ere errepikatuko al duzu Leitzako lasterketan?
Oraindik asko geratzen da horretarako, baina ziurrenik berriro ere parte hartuko dut.
Egingo dituzun hurrengo probak?
Asko dauzkat buruan. Esaterako, Zumaian izango den lasterketan parte hartuko dut, eta Pirinioetan egingo den beste batetik ere deitu didate, beraz, han ere izango naiz.
Asko entrenatzen al duzu?
Bai. Erresistentzia probetan emaitza onak lortzeko asko entrenatu behar da. Nire kasuan, ia egunero entrenatzen dut.