Euskal jantzien erakusketa izango da

Ataria 2013ko maiatzaren 9a

Euskal jantzien erakusketa jarriko dute Ibarrako Benito Izagirre kultur etxean, bihartik maiatzaren 24ra arte. Bertan, halaber, Alurr dantza taldeak bere azken hiru ikuskizunetarako, hau da, Sua, Oinazez, eta Izanak dirau, 1512-rako erabili dituen arropak ere izango dira ikusgai. Guztira 24 jantzi inguru dira, Ramon Garziak azken urteetan egin dituenak.

Alurretik azaldu dutenez, aspalditik zuten jantzien erakusketa egiteko asmoa: «Urte ugari daramatzagu Ramon Garziarekin lanean, eta urtero egiten dugun zozketan berak egindako jantziak jartzen ditugu sari moduan, beraz, herrian jantzi ugari daudenez, bildu eta erakusketa jarri dugu». Jantziak Alurr dantza taldearen ikuskizunetako argazkiekin lagunduta egongo dira, eta informazioa ere izango dute. Alurrek herritar guztiak animatu ditu erakusketa bisitatzera joatea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!