Urteko sasoi honetan egin ohi duten moduan, Misio Astea antolatu du beste behin Ibarratik Misio Taldeak. Bultzatzen dituen proiektuen berri emateko hitzaldia izango da, haur misiolarien topaketa egingo dute, eta misio giroko eukaristia.
Gaur izango da lehendabiziko ekitaldia. Ibarrako parrokiko lokaletan elkartuko dira 20:00etan, eta urte hauetan Indian, Ekuadorren eta Hondurasen aurrera eraman dituzten eta eramaten ari diren garapenerako proiektuen berri emango dute. Halaber, Ekuadorko Santa Rosatik Ibarrara etorritako bertako elkarteko bi animatzailerekin solasaldia egiteko aukera ere izango dute bertaratzen direnek.
Larunbatean jarraituko dute ekintzek. Egun horretan, elizbarrutiko haur misiolarien topaketa egingo dute. Igandean, hilaren 17an, berriz, San Bartolome Parrokiko Elizan, misio giroko eukaristia ospatuko dute, 10:30etik aurrera.
Misio taldeak eskerrak eman dizkie urte hauetan guztietan lagundu duten guztiei: «Euren solidaritatetarik gabe ezin dugu justiziazko mundu berri bat amestu eta egi bihurtu», adierazi dute. Taldetik bultzatzen ari diren proiektuak Ibarrako Udalari eta ibartarrei esker posible direla azaldu dute: «Udalak garapenerako proiektuetarako jartzen duen %1 dago, Gabon egunean eta Santa Ageda bezperan Parrokiko Koruak animatzen dituen kalez-kaleko kantaldietatik jasotzen dena, Ibarrako azokan eta Merkatu Txikian lortutakoa». Era berean, beste herri eta erakundeetatik ere jasotzen dutela babesa nabarmendu dute: «Orona Kooperatibak diru laguntza luzatu digu Honduraseko Aldea Suyapan daukagun proiektuarekin aurre egiteko, eta Legorretako Udalean ere eskaera egina dugu proiektu berarentzat; Laskorain ikastolatik ere Ekuadorren eraikitzen ari den egoitza aurrera eramateko diru laguntza jaso dugu». Guzti horri, eskuz emandako eskupekoak, haurrak besoetan hartzen dituzten familiak, eta hainbat enpresen parte hartzea batu diote.
Bada, guztien babesa eta laguntza eskertzeaz gain, herritar oro gonbidatu dute Misio Asteko ekintzetan parte hartzera.