Jone Lozano aresoarraren askatasuna Algortan (Bizkaia) ere eskatuko dute bihar 20:30ean, ikasketak egiten ari zen bitartean bertan bizi baitzen. Atzo, Areson bezala, eskualdeko hainbat herritan elkarretaratzeak egin ziren gaztearen atxiloketa salatzeko. Ibarran adibidez, 25 lagun elkartu ziren. Amnistiaren Aldeko Mugimendutik azaldu dutenez, «atxiloketa bat gertatzen denean, herri guztietan elkarretaratzeak egingo dira hemendik aurrera».
Jone Lozanok Frantziako polizien eskuetan inkomunikaturik jarraitzen zuen atzo. Astelehenean atxilotu zuten eta ez dago bere egoeraren inguruko berririk.
Aresoarrari ETAko kide izatea leporatzen die Frantziako Poliziak eta Espainiako gobernuak. Berri agentziek hasieran zabaldu zutenez, atxiloketa unean pistola bat, dokumentazio faltsua eta 1.000 euro zeramatzan Lozanok soinean. Atzo berriz, iturri berberek, aresoarrak 48.000 euro gehiago zeramatzala esan zuten; Frantziako Polizia diru horren jatorria zein den ikertzen ari omen da.
‘Goito’ren aurkako euroagindua
Jon Goio tolosarraren aurkako euroaginduaren inguruan, honako oharra kaleratu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak: «Frantziako justiziak Espainiari informazio gehiago eskatu dio. Torturapean egindako Peio Olanoren deklarazioetan oinarritzen da euroagindua eta honen salaketa martxan den konprobatu nahi dute. Euroagindua apirilaren 5ean aztertuko dute». Bien bitartean, espetxean jarraitzen du tolosarrak.
Bihar, eskualdeko hainbat herritan preso eta iheslarien eskubideen aldeko elkarretaratzeak egingo dira, azken ostirala izaki.