Hernialdeko jaiak 2022

Toka txapelketarekin hasi dituzte festak Hernialden

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko abuztuaren 13a

Eguerdian eman diete hasiera Hernialdeko Ama Birjin festei. Aurten, jubilatuek leherrarazi dute suziria, kanpaiek 12:00ak zirela markatzen zuten bitartean.

Gaur eman diete hasiera herriko festei Hernialden. Eguerdiko 12:00etan lehertu dituzte suziriak; aurten, hiru lehertu dituzte, azken urteetan ospatu ezin izan dituzten festetakoak ere bai. Behin suziria lehertuta, alkateak gozokiak jaurti ditu udaletxeko balkoitik, herriko haur eta gaztetxoentzat. Ondoren, toka txapelketa egin dute, eta 14:00etan bazkarirako elkartu dira herritarrak. Orain bingoa egingo dute, eta ondoren musika izango da nahi duenarentzat.

Bihar, beste suziri bat leherraraziko dute; kasu honetan, haur eta gaztetxoena izango da ardura. Beraien eguna ospatuko dute bihar, eta etzi helduko da herriko jaiegun handia.

Hona hemen datozen bi egunetarako egitaraua:

ABUZTUAK 14, IGANDEA, HAUR ETA GAZTEEN EGUNA

  • 12:00. Txupinazoa gazteen eskutik.
  • 12:00. Gazteen arteko jokoak.
  • 14:00. Bazkaria.
  • 17:30. Potxin eta Patxin pailazoak.
  • 19:00. Bertso saioa: Agin Laburu, Anjel Mari Peñagarikano, Aitor Mendiluze eta Nerea Elustondo. Gai jartzailea: Amaia Agirre.
  • 21:00. Herri afaria.
  • 23:00. Herriko dantzarien eta Alurr dantza taldearen emanaldia.
  • Ondoren. Joxe Mendizabalekin gaupasa.

ABUZTUAK 15, ASTELEHENA, ANDRA MARI EGUNA

  • 12:00. 29. Sagardo Txapelketa.
  • 18:00. Herri kirolak, Hernialde eta Alkizaren arteko erronka.
  • 20:30. Zahagi ardoa.
  • Jarraian. Muxutruk taldearekin dantzaldia.
  • Festei amaiera emateko traka nagusia.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!