Igandean jokatu zen Euskal Herriko Bakarkako Segako Ligako lehen jardunaldia, bai emakumezko eta baita gizonezkoetan ere. Azpeitian, sei emakumeen artean Alaitz Imaz izan zen irabazlea, eta gizonezkoetan, berriz, garaipena Bixente Mitxelenak eskuratu zuen. Bigarren postuan sailkatu zen Koldo Arzelus tolosarra.
Azkartasunak bezain besteko garrantzia du txukuntasunak txapelketa honetan. Alaitz Imazek minutu bat eta 43 segundo behar izan zituen lanak amaitzeko. Bere atzetik sailkatu ziren, Ainhoa Mazkiaran, Irati Astondoa eta eskualdekoak diren Ainhoa Galarraga, Alatzne Etxaburua eta Ainara Otamendi.
Gizonezkoetan, 26 segalari izan ziren sega hartuta aritu zirenak. Hauek sail handixeagoa ebaki behar izan zuten. Mitxelenak 2 minutu eta 56 segundoko denbora egin zuen, eta 16 segundo gehiago behar izan zituen Arzelusek. Horien artean ziren eskualdekoak, besteak beste, Arkaitz Arteaga zazpigarren, Jexux Mari Ormaetxea Urki zortzigarren, Jokin Garmendia bederatzigarren eta Oier Urkola hamargarren sailkatu ziren.
Joakin Garmendia beteranoak, berriz, bere lanak hamaseigarren postuan amaitu zituen.
Oraindik bi jardunaldi izango ditu txapelketa honek, eta bakoitzean eskuratutako puntuek emango dituzte zeintzuk diren irabazleak.
Txapelketak beste berezitasun bat ere badu aurtengoan. Abuztu amaieran Azpeitian bertan jokatuko da Europako Txapelketa, eta bertan parte hartuko duten segalariak txapelketa honetatik aukeratuko dira.