Hernialden bi obra egin ahal izan dituzte aurten Foru Aldundiko diru laguntzei esker. Batetik, pilotaleku ondoan dagoen parkea, eta bestetik, Eguzkitzako ur deposituko instalazioko hodiak. Aldundiaren laguntza 29.310 eurotakoa izan da, eta parkea berritzeko 24.600 euro inguru behar izan dituzte; ur hodia berritzeak 7.500 eurotako kostua izan du. Hortaz, uraren hodiak berritzeko udalak 2.800 euro inguru jarri behar izan ditu.
Igaro Balda Hernialdeko alkateak azaldu bezala, parke zaharra 1996koa zen eta «gaizki zegoen». Hala ere, berritu ahal izateko «laguntzen zain» egon behar izan dute, Hernialde bezalako herri txikiek «aurrekontu txikiak» baitituzte eta horrelako inbertsioak laguntzarik gabe ezin baitituzte egin. Diru laguntzari esker, jolasak eta lurra berritu dituzte, arauei jarraituz «seguritateko lurra jarri beharra» baitago.
Emaitzarekin herritarrak «oso gustura» daudela uste du Baldak, eta txinatar kulunka da «arrakasta gehien» izan duena. Gainera, parke bera «ondo muntatuta» dagoela aipatzen omen dute bertaratzen diren guztiek. Azkenean herritarren elkargunea bilakatu da.
Ur desposituari dagokionez, «40 urte zituen instalazioak», eta berritze lanak egin ostean, hodiak berritu dituzte eta «poliuretanozkoak» jarri dituzte.
Hernialdek herriko ura kudeatzeko bi depositu ditu. Bata, berritutakoa, beheko bailarari ura ematen diona; San Migel eta Olatzagako auzoak, hain zuzen ere. Bestea, herriaren goikaldean dagoena da, eta herrigunea urez hornitzen duena. Momentuz bi deposituek «ondo» funtzionatzen dute, eta hortaz, biak mantentzen jarraitzeko asmoa dute.
Hernialdeko udalaren egoera «ona» da, «zorrik gabekoa». Baina, egoera hau mantentzen jarraitzeko aurten jasotakoa bezalako laguntzak ezinbestekotzat jotzen dituzte inbertsioak egiten jarraitzeko.Hurrengo inbertsioak «udazkenean» egiteko asmoa dute.