II. Nekazal, Abeltzain eta Artisautza Azoka hartuko du igandean Hernialdek. Udalak herritarrekin batera antolatzen duen ekimena 10:00etan hasi eta 14:00ak bitarte egongo da zabalik.
Hernialdeko herritarren abereak eta produktuak, eta beraiek eginiko artisautza jarriko dute erakusgai, pilotalekuan nahiz frontoiaren kanpoaldean. Nekazarien garaiko produktuak egongo dira eta artisauek eginiko margolanak, tailak, hosto metalizatuak edota saskiak. Abereei dagokienez, astoak, ahuntzak, ardiak, behiak, zaldiak edota behorrak eramango dituzte baserritarrek. Aurten berrikuntza modura, hegaztiak ere eramango dituzte, eta baserriko makinariaren erakusketa ere jarriko dute, Hernialde Lantegiaren eskutik.
Pasa den urtean egin zuten estreinakoz Hernialden gisa honetako azoka eguna, eta izan zuen erantzun ona ikusita bigarrengoz egingo dute aurten.