Euskal Latineoarekin aldakak mugitzen hasiak dira Gaztelun

Ataria 2026ko maiatzaren 13a

Hamabostean behin, ostegunero bilduko dira eskolan. Kubako saltsa, mambo eta bachata-eskolak emango dituzte Irati Mogollon eta Javier Rodenas dantzariek.

Gaztelura iritsi berriak dira Irati Mogollon eta Javier Rodenas senar-emateak. Mogollon izatez lezoarra da, eta Rodenas, berriz, Albacetekoa (Espainia), baina orain arte Madrilen bizitu dira. Bada, berriki, Euskal Herrira bueltatzeko apustua egin dute, zehazki, Gaztelura. Dagoeneko herriaren parte sentitzen direla esan du Mogollonek: «Gaztelu zoragarria da, lasaitasun handia du eta gauza guztiak oso gertu daude. Gainera, oso harrera ona egin digute».

Herrian dagoen giroa ere nabarmendu du Mogollonek, eta esan du herritar guztiak herriari zerbait emateko «gogoz» izaten direla beti. Bada, haiek ere horren parte izan nahi zuten, eta Euskal Latineoa egitasmoa abiatu dute horretarako. Izan ere, Mogollon eta Rodenasek pasio bera partekatzen dute; dantza.

Gaztelun abiatu berri duten egitasmoan Kubako saltsa, mambo eta bachata eskolak emango dituzte. Saioak hamabostean behin, ostegunetan izango dira, 19:00etatik 20:00etara, eskolan. «Muxutruk» sortutako egitasmoa dela azpimarratu du Mogollonek, «herriaren parte sentitzeko eta herritarrek parte hartzea bultzatzeko» asmoarekin abiatu baita.

Joan den ostegunean izan zuten lehen saioa, eta dantzariak pozik agertu dira: «Saioa oso ondo joan zen, eta adin guztietako 16 herritar izan genituen guztira. Horietako batzuek asteburuan ezkontza bat zuten eta haien artean lehian aritu ziren ea nork ikasten zituen pausu gehiago gero ezkontza egunean egin ahal izateko. Giro oso polita izan genuen».

Aurretik antzeko egitasmoak antolatu izan dituztela kontatu du dantzariak. Esaterako, Errekalden edota Donostiako Tabakalera ondoko dantza eskola batean Euskal Saltsa saioak ere ematen zituzten. «Saioak oso umoretsuak dira, barre ugari egiten duzu, errespetu handia dago eta oso ondo moldatzen dira adin tarte guztietara», gaineratu du.

Bidebieta auzo elkartean ikasi zituen dantza latinoak Mogollonek. «Bidebietan auzo elkarte bat dago, eskola moduko bat dena eta bere garaian hutsik geratu zen. Geroztik, herritarrek erabiltzen dute hainbat kultur jarduera egiteko eta hor hasi nintzen jubilatu elkartekoekin horrelako dantza saioak ematen», kontatu du. Dantza hauek jatorriz Latinoamerikakoak dira, eta bi dantzariek Kuban edota Argentinan ere praktikatu dituzte. Dena den, Mogollonek dioenez, «dantza horiek gehien Espainian praktikatzen dira».

Gaur egun ordea, galtzen ari direla dio eta horren arrazoia lotsa dela uste du Mogollonek: «Zailena lotsa kentzea da, ez da ikastea. Guk Madrilen 80 urteko jendeari erakutsi izan diogu eta arazorik gabe egiten zuten. Lotsa hori gainditzen bada gainontzeko guztia errez egin daiteke».

Eskolan egingo dituzte saioak, hamabostean behin, ostegunetan, eta herriko ostatua zabaltzen dutenean, hilabetean behin bertan dantza saio bat egiteko asmoa dute. Aurrerago plazara salto egiteko asmoa ere dute. Gazteluarrei ez ezik, inguruko herritarrei ere zabaldu diete gonbita dantzariek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!