Feminismoan hezteko lanketa egiten ari dira Gaztelun

Ataria 2025eko otsailaren 6a

Emakumeen sexualitatea eta erotika izango dute hizpide bihar, 17:30etik 19:30era, eskolan; Elena Jimenez Sexune elkarteko sexologoak gidatuko du.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdin dira deituriko programarekin egitaraua osatu du Gazteluko Udalak, Daiteke Gizarte Aholkularitza eta Sexune elkartearekin elkarlanean. Eider Olazar alkateak esan du bost urte daramatzatela ahalduntzearen inguruko tailerrak antolatzen Gaztelun, eta aurtengoan ere egitarau zabala prestatu dute. «Feminismoaren inguruan urratsak eman nahi baldin baditugu, alor guztietan landu beharreko gaia da, adin, genero eta talde guztietara zabalduz», esan du.

Honela, abenduan abiatu zuten Feminismoa hezten eta hazten deituriko egitasmoa. Gazteen artean indarkeria matxistaren inguruko prebentzioa lantzeko beharra ikusita, 12 eta 16 urte bitarteko nerabeei bideratuko tailerra izan zen lehena, Daiteke Gizarte Aholkularitzak gidatuta. Aurrera begira lanketa sakonago bat egiteko asmoa dutela gaineratu du alkateak, «beharra badagoelako, bai neska eta bai mutilen artean».

Feminismoaren ikuspegia gizonen artean lantzeko beharra ere badagoela gaineratu du alkateak, eta horren bueltan, atzo, maskulinitate tailerra egin zuten, bigarrenez, Daitekek gidatuta.

Bihar izango dute azken tailerra, eta emakumeen sexualitatearen eta erotikaren inguruan ariko dira, 17:30etik 19:30era, Elene Jimenez Sexune elkarteko sexologoak gidatuta.

Horrez gainera, hilaren 15ean, larunbatean, bertso-bazkaria egingo dute, 14:30ean, Erroizpe elkartean. Bertan izango dira Maialen Lujanbio eta Oihana Iguaran bertsolariak. Izena-emateko epeak zabalik jarraitzen du eta asteazkenera arte egongo da horretarako aukera, udaletxera bertaratuta edo 665 723 670 zenbakira idatzita. Aurrez ordaindu beharko da. Azkenik, Emakumearen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, martxoaren 8an emakume bazkaria egingo dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!