ELKARRIZKETA

«Sexualitatea eta erotika adinaren arabera aldatzen joaten da»

Leyre Carrasco 2025ko ots. 6a, 11:58

Bihar, emakumeen sexualitatearen eta erotikaren inguruko tailerra izango da Gaztelun. Udaletxean egingo dute, 17:30etatik 19:30era. Elene Jimenez (Donostia, 1968) Sexune elkarteko sexologoak eta berdintasun eragileak gidatuko du eta horren nondik norakoen inguruan aritu da.

Zertaz ari gara sexualitatez ari garenean?

Sexualitatea ulertzeko lau multzo egiten ditugu; identitatea, erakarpenak edo desirak, harremanak eta egitasmoak. Identitatea da lehen multzoa, ni naiz esate hori sexutua dago, eta garrantzitsua da ikustea identitatearen kontuaz hitz egiten denean, jendartean modu dimorfikoan ikusten dela, baina guk sexuen jarraitasuna ikusten dugu eta horrek aniztasuna dakar, hau da, gizon-emakume izateko modu anitzak daude; ez normatiboak, ezbitarrak eta abar. Hori da identitatea.

Nolakoak garenaren harira etorriko litzateke bigarren multzoa, hau da, elkar erakartzen garela eta hor gauzak partekatzeko gogoa sortzen da, baita harremanak egiteko moduak ere. Laugarren multzoan, berriz, nire identitatea indartuko duten egitasmoak daude, eta askotan horiek harremanetatik sortzen dira, komunean egiten ditugu.

Generoak aipatu dituzu baina adinak ere badu eragina horretan, ezta?

Adinak multzo bati eragiten dio. Izan ere, ez da berdina haurtzaroan, nerabezaroan, helduaroan edo zahartzaroan bizitza eta sexua ulertzeko dugun modua. Beraz, sexualitatea eta erotika adinaren arabera aldatzen joaten da eta hori ulertzea garrantzitsua da. Adin bakoitzean zalantza edo jakin-min batzuk egon daitezke, beste ikuspegi ezberdin bat. Baina horiek guztiak ulertzea ere garrantzitsua da.

Beraz, hezkuntza sexualak adina duela esan genezake?

Bai, gauza batzuk orokorrak diren arren, pertsona bakoitzaren biografiara jo beharko genuke hau dena ondo ulertzeko, hori izango baita desberdintzen gaituena.

Belaunaldi ezberdinak artatzen dituzue Sexunen. Zein zerbitzu eskaintzen dituzue?

Formazioak eskaintzen ditugu, eta horren barruan, batetik, aisialdiko ekipamenduak eta ikastetxeak ditugu, eta bestetik, elkarte, jabetze eskola, emakume taldeak edo gazteekin aritzen gara. Dinamizazio soziokulturaletik hainbat mezu ludiko ere ematen ditugu, baina zerbitzu indartsuena aholkularitza da. Terapia edo zailtasunen aurrean akonpainamendua eskaintzen dugu, bai modu indibidualean, bikoteka edo taldekakoa.

Ostiralean, emakumeen sexualitatea eta erotika tailerra eskainiko duzue Gaztelun. Zer antolatu duzue?

Tailer horretan hiru ildo nagusi izango ditugu. Lehenean emakumea nola aldatzen ari den ikusiko dugu, eta horren bueltako hainbat galdera planteatuko ditugu. Bestetik, momentu historiko eta kultural bakoitzean erabiltzen diren harremanen inguruan ere ariko gara eta horiekin gure burua azaltzen saiatuko gara. Eta, azkenik, desiraren bideak oso murriztuak ditugu eta eredu komun bati lotuak, beraz, ideia horiek zabalduko ditugu. Guzti hau dinamika ezberdinekin jorratuko dugu.

Aipatu nahiko nuke ez dela beharrezkoa norberak bere buruaz hitz egitea, alegia, ideien gainetik girotzen saiatuko gara jendea ondo sentiarazteko. Konfiantza sortzen denean, nahiaren arabera, bakoitza bere gauzak askatzen joango da. Bi orduko tailerra izango denez, zertzelada batzuk soilik emango ditugu. Izan ere, gai guzti hauek oso zabalak dira. Hala ere, polita eta interesgarria dela uste dut eta pentsaraztera eramaten gaitu, baita gure burua ulertzera, ondoan ditugunak ulertzera eta hobeto bizitzera.

Zergatik uste duzu dela garrantzitsua halako tailerretan parte hartzea?

Gure burua, desirak eta harremanak gehiago ulertzen laguntzen dutelako, eta hori guztia ulertzen dugun heinean, dena kudeatzera eta nolabait hobeto bizitzera ematen gaituelako. Hori da nik uste tailer honek duen altxorra.

Herritarrak animatzeko mezurik duzu?

Solasaldira animatu daitezela, elkarrekin taldea sortuko dugu bizitza aberatsago bat izateko.

Beste formakuntzarik antolatuta duzue eskualdean?

Bai. Menopausiaren inguruko ikastaroa egiten ari gara Anoetan. Ostegunetan elkartzen gara, hamabost egunean behin, 18:00etatik 20:00etara. Hasita egon arren, ateak zabalik daude, nahi duen ororentzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!