Herri kirolek hartu dute goizean Gaztelu. Izan ere, Herri Kirol Jaialdia antolatu du Gazteluko Herri Kirol Taldeak pilotaleku atzeko zelaian. Herriko 9 eta 16 urte arteko neska-mutilen sega erakustaldiarekin hasi dute jaialdia. Lehenik, lau bikote aritu dira txanda librean, eta ondoren, herriko gaztetxoenek banaka egin behar izan dituzte lanak. Tarteka euri tanta batzuk erori badira ere, herritar ugari izan da bertan eta giro ederra izan dute herriko segalari txikiek.
Jaialdiarekin amaituz, balenka edo euskal barra bezala ezaguna den jaurtiketa erakustaldia egin dute. Fernando Dublang, Amaia Dublang, Ane Galarraga eta Mikel Arbona izan dira parte hartzaileak eta Hernaniko Etxeberri Elkarteko kideak aritu dira antolatzaile lanetan.