Euskal barra edo balenka jaurtiketa ikusteko aukera

Ataria 2024ko ira. 20a, 11:57

Baltasar Esnaola palankaria Tolosako Berazubi zelaian 1942. urtean. Argazkilaria: Jesus Elosegi Irazusta. Iturria: kirolak.euskomedia.org

Gazteluk Herri Kirol Jaialdia hartuko du igandean. Herriko segalari gaztetxoek erakustaldia eskainiko dute 11:00etatik aurrera, eta ondoren, balenka edo euskal barra jaurtiketarekin gozatzeko aukera izango da.

Gazteluko Herri Kirol Taldeak Herri Kirol Jaialdia antolatu du iganderako, hilak 22. Gazteluko 9 eta 16 urte arteko neska-mutilen sega erakustaldiarekin hasiko dute jaialdia, 11:00etan, eta 12:00etan, balenka jaurtiketaren erakustaldia egongo da. Euskal Herrian ez da balenka jaurtiketa ikusteko aukera askorik egoten, urteroko lehia bakarra Hernaniko Etxeberri Elkarteak ekainaren 24an antolatzen duena baita. Herri kirol museoaren inaugurazioan Etxeberri Elkartekoak gonbidatu zituzten eta orain, berriz ere izango dira Gaztelun euskal barraren jaurtiketa egiten.

Balenka erakustaldia Gazteluko frontoiaren atzean dagoen belardian egingo dute. Gazteluko Herri Kirol Taldeak azaldu duenez, Balenka edo euskal barra arbasoek erabilitako lehen burnizko tresna izan zen. Baserri guztietan egoten zen,  eta eraikuntzarako eta etxeko, bideetako zein zubietako mantenurako erabiltzen zen. Horrez gain, zuloak egin eta palanka modura ere erabili ohi zuten; baita baso zein baratzetan zuloak egiteko ere. Eta tarteka, defentsa eta babeserako.  
Urte batzuk geroago, palankaren besoa deituriko euskarria sortu zuten. Horrela, eraginkortasuna handitu zuten, esfortzu txikiagoarekin objektu astunagoak mugitzeko edota zurezko, burdinazko eta harrizko pieza handiak doitzeko mugimendua egiteko. Beste batzuetan, makina batzuen laguntzarekin, errazago eta indar handiagoz mugitzen zituzten beren piezak: esaterako, errotan, burdinolan, aroztegian, okindegietan, artzaintzan... Lanbide askotarako bihurtu zen funtsezkoa honako tresna. 

Jokoaren alorrari dagokionez, hasiera batean, parte-hartzaileek aukeratzen zuten zein barrarekin jokatu nahi zuten. Forma, pisu eta luzera ezberdinekoak ziren, eta proba egiten zen lekuek palanka-leku adiera zuten. Batzuetan zelai ireki eta oztoporik gabekoetan jokatzen zuten, besteetan berriz, herriko kale edo plazetan, horrek zekarren arriskuarekin. Asko izan ziren Euskal Herriko herri ezberdinetan egindako probak; esaterako, Tolosan, Gaztelun zein Oiartzunen. Bereziki gogoan dute Gazteluko Baltasar Esnaola, ondoren bizitzera Oiartzunera joan zena, baita Migel Aranalde gazteluarra ere. Erauskin, Agirre, Iguaran eta Clavero ere gogoan dituzte mundu horretan dabiltzanak. 

Jokatzeko materialaz gain, tresna botatzeko modu ezberdinak zeuden. Bata, hankak geldirik izanda, eta, bestea, aurrez abiadura hartuta. Denbora igaro ahala, beste leku batzuetan ere bestelako jaurtiketa arauak zeudela egiaztatu zen, baita barra ezberdinak ere: Gaztelako barra, Leongoa, Aragoikoa, Mantxakoa, eta Asturiasekoa, esaterako. Atletismo-pistak sortu zirenean, balenka jokoa atletismo modalitatean sartu zen, hortaz, barren neurri eta pisuen araudia bateratzeko beharra ikusi zen, bai gizonentzat eta baita emakumeentzat ere. Horrekin batera, jokoa gauzatuko zen eremua ere zehaztu zen. 

Aragoiar barra jaurtiketa balenka jaurtiketaren modalitate bat da (Lluís López Carceller).
Iturria: kirolak.euskomedia.org

Tolosaldean, 1926an Tolosako Berazubin egindako bilera batean, atletismoan jarduteko euskal barra eredua zehaztu zuten. Barra-jaurtiketa proba atletikoa izan zen 1930etik 1963ra. Gaur egun, barraren gutxieneko pisua 3.500 gramokoa da, eta luzera ez da 150 cm baino handiagoa izaten. 20 metroko luzera eta 4 metroko zabalera duen korridore batetik botatzen da, 4 metroko erradioko zirkulu erdiaren barruan. Horrez gain, balenka buruz behera eta 60 graduko eremuaren barruan jaurti behar da.  

Aitzitik, jaurtiketa-teknika denboraren poderioz, xabalina jaurtitzeko erabili bazen ere, balenka ez zen atletismoko proben barruan sartu. Hala ere, ekimen eta jaialdi batzuk antolatzen dira Euskal Herrian: Gaztelukoa eta Gipuzkoako Atletismo Federazioarena, esaterako. Baina bereziki, hemen antolatzen den urteroko lehia bakarra Hernaniko Etxeberri Elkarteak ekainaren 24an antolatzen duena izaten da, ikusgarritasuna eman nahian.  «Hernaniko Etxebarri Elkarteari eta gaur egungo barra-jaurtitzaileei eskerrik beroenak, kirol hau bizirik mantentzeagatik», esan du Gazteluko Herri Kirol Taldeak.  

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!