Atzera begira

Gabino Lizartza, Berastegiko atleta olinpikoa

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2024ko mai. 24a, 07:57

Gabino Lizartza Berazubin.

Urte olinpikoan gaude eta duela 100 urte Parisko Olinpiar Jokoetan parte hartu eta urte hartako maiatzean disko jaurtiketan marka ezarri zuen kirolari berastegiar bat ekarri nahi dugu gogora: Gabino Lizartza Lizartza. 

Gabino Lizartza palanka edo euskal barra jaurtiketan aritzen zen –garai hartan Espainia osoan zabalduta zegoen herri kirola–. Kirol modalitate hori 1950 inguruan desagertu zen, xabalina eta disko jaurtiketa indartzen joan ziren neurrian. Meatzariek lanerako erabiltzen zuten burdinazko palanka ahalik eta urrutien botatzea zen kirol horren helburua. Palanka botatzeko hiru modu zeuden: bularrez, abiadurarik hartu gabe; biraka, abiadura hartuta; eta hankapean edo izterpean.

Berastegiko Mugarriak blogean eta Aidanean aldizkarian jaso dituzte kirolariaren biografia. Berastegin jaio zen Gabino Lizartza, 1888ko urriaren 25ean, Arria baserrian. 1938ko ekainaren 5ean hil zen pneumonia lubolillar batek jota. Gizon altu, sendo eta indartsua zen. 18 urterekin lehen desafioa izan zuen Miguel Ignazio Jaka berastegiarraren kontra Tolosako zezen plazan. Herriko gizonezko guztiak joan ziren apustua ikustera. Lizartzak irabazi zuen eta galtzailea Ameriketara joan omen zen desesperatuta. Apustu asko egin zituen eta 1913an Tolosako Berazubiko estadioan urte askoan iraun zuten marka handiak ezarri zituen 10 librako palankarekin: bularrez 118 oin (32,90 m), biraka 186 oin (51,89 m) eta hankapean 100 oin (27,90 m). Bestalde, hauek dira 9 librako palankarekin lortu zituen marka onenak: 186 oin (51,77 m), izterpez 100 oin pasatxo eta bularrez 127tik gora.

1920ko hamarkadan Tolosako Umore Ona atletismo taldean hasi zen xabalina eta disko jaurtiketan. 1924ko maiatzaren 11n Gipuzkoako Txapelketan, Tolosan, diskoa 41,44 metrora bidali zuen, Espainiako marka jarriz 12 urterako. Handik egun gutxira, maiatzaren 24 eta 25ean Berazubin egin ziren Espainiako Txapelketak eta txapeldun izan zen Lizartza 36,94 metrorekin, uztailean Parisko Olinpiar Jokoetara joateko txartela lortuz. Jose Iguaran tolosarrak lagundu omen zion trena hartzera. Han praka motzak janztera behartu zuten, nahiz eta hasieran haserretu eta alde egitearekin mehatxatu. Proba hartan 28. postuan gelditu zen 34,20 metroko jaurtiketa apalarekin. 

Palanka jaurtitzen jarraitu zuen eta 1928an Donostiako Euskal Jaietan, Atotxako futbol zelaian, erakustaldian marka hauek egin zituen: bularrez 41,05 m, biraka 48,65 m eta hankapean 25,16 m. 1931ko udal hauteskundeetan zinegotzi atera zen Berastegin eta 1938an hil arte eduki zuen kargua. 

Argazkiak: Mugarriak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!