Orain dela bederatzi urte, 2015ean, I. Ataria Pilota Txapelketaren sari banaketan ageri zara Ugaitz Amundarainekin batera. Zer oroitzapen dituzu?
Sekulako oroitzapenak etorri zaizkit argazkia ikusi dudanean. Gogoratzen naiz ikaragarrizko poza hartu genuela. Azkenean guk garrantzi handia ematen genion txapelketa horri. Hor ikusten naiz oso ume, eta atzean Jokin Altuna eta Urruzola pilotariak daudela.
Finala nola duzu gogoan?
Gogoan dut Gorka Ugartemendia zela aurkarietako bat. Sekulako kankailua zen adin horretarako, eta gaur egun ere handia da. Gu nahiko txikiak ginen, eta Ugaitz Amundarainek asko jokatzen zuen, eta berak maneiatuko zuen partida.
Altunak orduan profesionaletan urtebete zeraman. Egun enpresa berean zaudete.
Hain justu, atzo [igandean] partida jokatu nuen Eibarren, eta aldagelan berarekin egon nintzen. Pentsatzen jarri eta esaten duzu: txikitan profesionaletara iristea egiten nuen amets, eta atzo aldageletan berarekin lasai asko nengoen hitz egiten. Zer polita den lortzen dituzunean amets horiek.
Ataria Pilota Txapelketan beste txapelik irabazi al zenuen?
Bi aldiz irabazi nuen, biak Ugaitz Amundarainekin, 2015 horretan eta 2016an. Hurrengo urtean, 2017an, finala galdu nuen Ander Perurenarekin. Esan dizudan moduan, gure artean txapelketari garrantzi handia ematen genion. Aukera izaten genuen beste frontoi batzuetara joateko eta beste pilotari batzuk ezagutzeko. Joaten ginen Asteasura edo Amezketara eta ematen zuen ez dakit noraino joaten zinela. Pilotaren munduan jende pila bat ezagutzeko aukera eman zidan, eta oso eskertuta nago.
Ataria Pilota Topaketak bezalako egitasmoek zer garrantzi dute?
Pentsatzen dut nik bizitzen nuen bezala biziko dutela gaur egun ere. Adin horretan ez genituen bestelako txapelketak jokatzen, eta gogoan dut Hitza Pilota Txapelketa —hori behin jokatu nuen— eta Ataria Pilota Txapelketa iristen zenean, zer poza eta zer ilusio izaten genuen. Pentsatzen dut gaur egun ere pilotari gaztetxoek garrantzia emango diotela.
Zu profesionaletara iritsi berri zara. Zer esango zenieke gaur egungo pilotari gaztetxoei?
Pazientziarekin hartu dezatela, eta baita gurasoek ere. Gustatzen bazaie pilota, saiatzen jarraitzeko eta disfrutatzeko. Gauzek buelta asko ematen dute, eta ez dakizu nola etorriko den etorkizuna.