ELKARRIZKETA

«Une bakoitza bakarra den bezala, argazki bakoitza bakarra da»

Leyre Carrasco 2024ko mar. 27a, 11:59

Amets Otegi argazkilari gazteluarrak bere azken lana aurkeztu du Gasteizen antolatu den FotoArte argazki lehiaketan; Unai Gorri artistaren lana erakusten du, baita gorputza zein mugetaraino iritsi daitekeen ere.

Kameraren atzean Bizipoztu bezala da ezagun, baina kameraren aurrean Amets Otegi (Gaztelu, 2004) da. Diseinu grafiko graduko bigarren urtea burutzen ari da Gasteizen eta txikitatik izan du argazkilaritzarako grina. Ikasketei esker, argazkilari moduan bere estiloa bilatu duela dio eta hori erakusten du bere lan bakoitzean. Hain zuzen, eskualde zein Euskal Herria mailan antolatzen diren ekimen askoren momentu berezienak harrapatzen aritzen da eta orain beste zenbait proiektuetan murgildu berri da gazteluarra.

Beti kamera eskuan, ezta?

Saiatzen naiz, baina tarteka erlaxatu beharra dago kameratik.

Afizioa edo ofizio duzu argazkilaritza?

Ikasten ari naiz oraindik, beraz, afizioa esango dugu.

Zer ari zara ikasten?

Diseinu grafikoa ikasten ari naiz Gasteizen eta jada bigarren urtea dut.

Nondik datorkizu argazkilaritzarako afizioa?

Amak beti kontatu izan dit aitak kamara zahar bat zuela, gustuko baitzuen etxe zaharrei eta paisaiei argazkiak ateratzea. Nik karreteak lapurtu eta gastatu egiten nizkion. Beraz, hortik datorkidala esan dezaket, azkenean harrapatu egin ninduelako. Horrez gain, Amaia nire bizilaguna Tolosako Richard Argazkilariak dendan egiten du lana eta aldiro zertan ari ziren lanean erakusten zidan, baita estudioa nola zen ere, eta niri pila bat gustatzen zitzaidan.

Gogoan duzu kamara hartu zenuen lehen aldia?

Berez ez, oso txikia nintzen, baina gogoan dut askotan gustatzen zitzaidala etxean gordeta genituen errebelatutako argazkiak ikustea. Aitak Minolta kamara bat zuen, eta hori izaten jarraitzen dugu, baina ez dugu erabiltzen.

Ordutik, beraz, bidelagun duzu argazki kamera. Zein kamera erabiltzen duzu?

Canon EOS 1300d kamera erabiltzen dut. Hori izan da nire lehen kamera eta horrekin jarraitzen dut. Argazkilaritza mundua oso garestia da, beraz, momentuz honekin jarraituko dut.

Zer da zuretzako argazkilaritza?

Niretzako argazkilaritza ez da artea egiteko modu bat soilik, bizitako momentuak jasotzeko modu bat ere bada. Asko gustatzen zait, zeren  etorkizun batean argazkia atera zenuen momentuko sentipenak oroitzen lagunduko dizun tresna bat da.

Argazkilari erreferenterik duzu?

Duela gutxi Eulalia Abaitua euskal argazkilariaren inguruan egin nuen lan bat, eta egia esan bere lanak asko hunkitu nau, bera konturatu gabe euskal kulturan nolabaiteko arrastoa utzi baitu. Horrez gain, sare sozialetan Andrea Font izeneko argazkilaria edota Euskal Herrian ezagunak diren Saioa (@gauilunak), Ekaitz Zilarmendi edota Joseba Urretabizkaia aipatuko nituzke.

Sare sozialetan Bizipoztu (@bizipoztu) bezala zara ezagun eta bertan erakusten duzu zure lana. Zergatik Bizipoztu?

Bizipoztu aitonaren omenez sortu nuen proiektu bat izan zen. Momentu txarrenetan ere irribarre txiki bat ateratzeko aukera dagoela erakutsi nahi dut, nahiz eta momentu oso txarra izan.

Zer erakusten duzu argazki bakoitzean?

Momentuaren garrantzia eta une horretan sentitzen duzuna erakutsi nahi dut argazki bakoitzean. Momentu horrek garrantzia duela adierazi nahi dut, nahiz eta ondoren iraganean geratu.

Argazki bakoitzak mezu bat al dakar berarekin?

Baiezkoa esango nuke, momentu bakoitza bakarra den bezala, argazki bakoitza bakarra da. Askotan edo gehienetan esango nuke behintzat argazki guztiek mezu bat dakartela berarekin.

Argazkiek atzetik lanketa handia dute. Zuk nola egiten duzu lan?

Ekitaldi edo saio batera joan aurretik normalean ideia batzuk begiratzen ditut lehen aipatutako erreferente horien lanetan. Gero espontaneoki ateratzen zaizkit argazkiak eta ez dut asko pentsatu behar zeri atera edo nola. Argazki saioek denbora, nekea eta lan handia eskatzen dute. Ekitaldiaren ostean, etxera joan eta lanean jartzen naiz, baina hurrengo egunean ere argazkien aukeraketarekin aritzen naiz, eta hori izugarrizko dilema izaten da. Editatzen ere beste ordu mordo bat igarotzen dut, beraz, nahiko prozesu luzea izaten da.

Argazki mordoa izango duzu gordeta. Horiek noizbehinka berrikusten dituzu?

Noizbehinka baina gehiago gustatuko litzaidake egitea, ez baitut ohitura handia. Egia da argazkiak berrikusten hasten naizenean fundamentuz hasten naizela eta arratsalde osoa igaro dezaket argazkiak ikusten. Hala ere, gehiagotan egitea gustatuko litzaidake, agian bere garaian erabili ez nuen argazkiren bat topatzen dudalako eta baliagarria izan daitekeelako orain erabiltzea.

«Momentu txarrenetan ere irribarre txiki bat ateratzeko aukera dagoela adierazi nahi dut»

Argazkiak berrikusten bilakaera atzemango zenuke. Nolakoa izan da?

Dezentekoa izan dela uste dut. Egia da hasieran praktikarekin eta denborarekin trebatzen joaten zarela, eta uste dut argazkiekin ere nolabaiteko bilakaera hori ikusten duzula. Diseinu grafikoa ikasten ari naizenez, horrek ere erakutsi dit argazkilari bezala nire estilo propioa finkatzen, eta hortaz bai konturatu naiz, hau da, nire nortasuna eta estilo propioa sortu dudala.

Nola definituko zenuke zure estiloa?

Kontrasteak asko gustatzen zaizkit, baita ondo definitutako argazkiak ere, adierazpen indartsuak ikusten diren argazkiak edota argazki txuri beltzak.

Zein ekitaldi gozatu duzu gehien kameraren atzean?

Hatortxu Rock dala esango nuke gehien gozatu dudan ekitaldia, baita Villabonan ospatu zen Lasterbidean ere. Hatortxuk Rock-en boluntario gisa joan ginen lagun bat eta biok. Probatzera joan ginen eta liluratuta bukatu genuen. Gero egunak igaro genituen argazki guztiak editatzen, baita astea ere, baina oso pozik bukatu genuen. Lasterbideanerako harremanetan jarri ziren nirekin eta hura ere harrigarria izan zen.

Paisaietako argazkiekin hasi eta ekitaldietako argazkiekin bukatu. Noiz eman zenuen salto hori?

2019an hasi nintzen proiektuan indarra jartzen, baina ekitaldietako argazkiak ateratzen pare bat urte esango nuke, eta geroztik inguruko jendeak esanda aritu naiz lanean.

Orain beste proiektu batzuk dituzu eskuartean eta zure azken lanaren zatitxo bat ikusteko aukera izan dugu: Hegaldia. Zertan datza proiektua?

Instagram sare sozialean reels edo bideo motz bat partekatu nuen. Beti izan dut gogoa bideo motz bat egiteko, ikusten nuelako bideo motz horiekin argazkiekin baino erreakzio hobeak jasotzen zirela. Horrez gain, Gasteizen, FotoArte izeneko argazki lehiaketa antolatu zutela ikusi nuen eta gaia antzerkia zen. Soketatik zintzilik dantza egiten duen Unai Gorri izeneko lagun bat dut. Berak egindakoa oso erakargarria iruditu zitzaidan lehiaketa honetarako, beraz, argazki saio bat egitea proposatu nion. Beraz, argazki lehiaketan aurkeztuko nuen lana nire sare sozialetan reels moduan zabaltzeko aprobetxatu nahi nuen, eta horrela nolabaiteko garrantzia eman nahi izan diot Unaiek egiten duen lanari, gorputzaren espresio horiek zein mugetaraino iritsi daitezkeen erakutsiz. Argazkiak ateratzen ari nintzenean txundituta geratu nintzen, eta emaitzarekin oso pozik geratu naiz.

 
 
 
 
 
View this post on Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

A post shared by Amets Otegi (@bizipoztu)

Non egin zenuten argazki saioa?

Gasteizko lokaltxo batean egin genuen. Lehiaketan bi argazki aurkeztu nituen eta horiei izenburu bat jarri behar nien, beraz, une horretan erabaki nuen bati Hegaldia izena jartzea, eta besteari, espoiler txiki bat egingo dut, Dramagilea.

Zergatik Dramagilea?

Azken finean dramagile batek norbere buruan bere gidoia egiten du eta iruditzen zitzaidan berak ere hori egiten zuela, hau da, berak antolatzen zuen dena, hasieratik bukaera arte. Beraz, Dramagilearen Hegaldia deitu diot lan honi.

Esperientzia berri bat. Eroso sentitu zara lan hau egiten?

Bai, baina nahiko ohituta nago ekitaldietako argazkiak ateratzen edota inguruko lagunei. Ez nuen inoiz horrelako argazki saio bat egin eta bertigo pixka bat ematen zidan. Hala ere, ondo joan da eta gustura aritu naiz, beraz, errepikatzeko moduan.

«Momentuaren garrantzia eta une horretan sentitzen duzuna erakutsi nahi dut argazki bakoitzean»

Noiz jakingo duzu lehiaketaren emaitza?

Apirila edo maiatza aldera esango nuke.

Beste lehiaketa batzuetan ere parte hartu izan duzu. Hain zuzen, 'Ataria'-n urtero antolatzen dugun udako argazki lehiaketako irabazle izan zinen iaz.

Duela bi urte hasi nintzen parte hartzen Ataria-n antolatzen duzuen udako argazki lehiaketetan, eta asko gustatu zitzaidan esperientzia, beraz, hurrengo urtean parte hartzea ere erabaki nuen. Lasterbideaneko bi lagunen argazki batekin hartu nuen parte, Konplizeak izenekoa, eta oso harrera ona izan zuen. Erabiltzaileen saria jaso nuen eta oso pozik geratu nintzen. Beste lehiaketa batzuetan ere parte hartu izan dut, esaterako, Goierriko Hitza-n egin zuten argazki lehiaketan pike dezente izan nuen beste parte hartzaile batekin eta azkenean bigarren geratu nintzen. FotoArtek Gasteizen antolatu zuen beste lehiaketa batean ere parte hartu nuen, baina bertan jende askok parte hartzen du eta zailagoa izan nuen.

Beste proiekturik ba al duzu eskuartean?

Musika talde batzuekin nabil lanean argazkiak ateratzen, esaterako, Euzkolabel izeneko Villabonako nire lagun DJak, tarteka, Villabonako Distopia elektrotxarangari ere atera izan dizkiot argazkiak eta orain Gasteizko taberna batean hastekoa naiz argazkiak egiten. Nere beste proiektua merchandisinga ateratzea da, inguruko jende dezentek eskatu dit baina nahiko lan ari zaizkit ematen eta hori pixkana joango den zerbait da.

Argazkilari moduan, ametsik baduzu?

Baditut pare bat. Batetik, beti gustatu izan zait argazkilariak kanpora joaten direnean, alegia, beraiek bizi diren sorterritik urrun, beste nonbaitera bidaiatu, hilabete batez, eta beste kultura batean zentratzea, beste egunerokotasun batean. Argazki kamara hartuko nuke eta denbora guztian horretan egongo nintzateke. Nire beste ametsa, nonbaiten nire lanen erakusketa antolatzea da. Erakusketa txikitxo bat egin nahiko nuke, baina argazkilari munduan edo diseinu munduan aritzen den beste norbaitekin egin nahiko nuke, hau da, ez izatea bakarrik nire lanak eta espazio hori beste norbaiten lanak ere aurkezteko aprobetxatu nahiko nuke.

Erlazionatuak

Begirada morea

Leyre Carrasco api 02 Gaztelu

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!