Azoka eguna izan dute Gaztelun

Ataria 2023ko azaroaren 5a

Aurten, bertako jaki eta produktuez gain, artisauek ere izan dute lekua.

Eguraldia alde izan dute goizean Gaztelun eta postu ugarik hartu dute, beste behin, herriko plaza. Bertako jaki eta produktuak erosteko aukera izateaz gain, aurten artisauen produktuak erosteko aukera ere izan da azoka. Zeramika, bitxiak, jantziak, jostailuak eta egur lanak izan dira aukeran, besteak beste.

Larunbatean ere ekintza ugariz gozatzeko aukera izan zuten herritarrek. Besteak beste, babarrun txapelketarekin abiatu zuten eguna eta Kontxi Lasa ekoizleak eta Edurne Gartzia sukaldariak osatutako bikoteak eraman zuten saria. Tartean, parke eolikoak eta ingurugiroaren inguruko hitzaldiaz gozatzeko aukera izan zuten ludotekan, Atziber Sarobe biologoaren eskutik. Ostatuan egin zuten bertso afariarekin amaitu zuten eguna, Alaia Martin eta Amaia Agirre bertsolariekin batera.

Argazkiak: Gazteluko Udala.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!