Andoni Goikoetxea epaiketa ondoren Madriletik etxerako bidean da

Ataria 2019ko apirilaren 9a

Gazteluarra Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitu dute gaur goizean. Fiskalak 9 urteko espetxe zigorra eskatzen du Goikoetxearen aurka; AVT-k 10. 

Espetxean dagoen Aitor Esnaolaren kide izatea, eta ETA erakundearen hainbat zuloren ardura izatea leporatzen die Andoni Goikoetxeari. Fiskaltzak gazteluarraren aurka bederatzi urteko espetxe zigorra eskatua zuen, eta epaiketan urterik aipatu ez baldin badu ere, bere horretan jarraitu duela azaldu dute Madriletik. AVT ere akusazio bezala dauka Goikoetxeak, eta hauek 10 urteko zigorra eskatzen dute.

Epaiketa saioa amaitu ondoren, Goikoetxea aske, etxerako bidean jarri da. 20 bat lagun joan dira autobusez eskualdetik gazteluarrari babesa azaltzera. Epaileak hilabete inguruko tartea hartuko du epaia eman aurretik. Andoni Goikoetxea "baikor" zegoen epaiketa ondoren, saioa nola joan den kontuan hartuta. Bere abokatuak absoluzioa eskatu du.

ETAko kide izatea leporatuta 2013an atxilotu zuten Andoni Goikoetxea. Frantzian 7 urteko espetxe zigorra bete ondoren 2017ko azaroan aske geratu zen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!