Udaberri gosea asetzeko eguna, Gaztelun

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko maiatzaren 8a

Egilea: Iban Zunzunegi

Udaberri Festa egingo dute Gaztelun, larunbatean, udalak eta Erroizpe Azpiko Kirol eta Kultur Elkarteak antolatuta. 18:30ean Ibarrako Sokatira taldeko Josune Gorostidi herrikideari omenaldia egingo diote.

Udaberri gosez daude gazteluarrak eta hori dela eta, Udaberri Festa antolatu dute larunbaterako, hilak 12. Jaiarekin «urtaro berriari ongi etorria eman eta herritarron artean tarte atsegin bat igarotzeko asmoz» antolatu dutela esan dute.

Goizean hasiko dira Udaberri Festarekin. 10:00etan txori kantuak ezagutzeko ibilaldia egingo dute Aranzadi Zientzia Elkarteko Mikel Olano adituaren laguntzarekin. Olanok azalpen motz bat emango die parte hartzaileei, eskolan.

18:30ean Ibarra sokatira taldearekin Munduko Txapelketan hirugarren egin duen Josune Gorostidi herrikideari omenaldia egingo diote, eta ondoren, herriko dantzarien emanaldia egongo da, elizpean. Eta 19:00etan musika euskal-kubatarra egongo da leku berean, La Jodedera taldearen eskutik.

Segidan, afari-merienda egingo dute, plazan. Afari-merienda irekia da eta momentuan bertan eman ahal izango da izena. Prezioa 10 euro ingurukoa izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!