Fermin Muguruza Gaztelun

Andoni Uzkudun 2016ko uztailaren 27a

Datorren ostirala, uztailak 29, Gazteluko Ostatuan aurkeztuko du 'Nola?' dokumentala Fermin Muguruzak, eta ondoren luntxa izango da.

Ostiralean, arratsaldeko 19:00etatik aurrera aurkeztuko du Fermin Muguruzak Nola? dokumentala Gazteluko Ostatuan. Dagoeneko sarrerak salgai daude ostatuan bertan eta Ibarrako Gaztelubide tabernan. Proiekzioa doakoa izango da eta ondorengo luntxa izango da ordaindu beharrekoa. Sarrerak 15 euroan daude salgai.

Gaztelun bizi den Jose Luis Rebordinos eta Fermin Muguruzaren arteko harremanak bultzatu du ekimen hau; helburua da Gazteluko ostatuarekin batera herriarentzat zerbait berria sortzea.

'NOLA?' DOKUMENTALA

Nola? New Orleans-Luisiana hiriburuaren laburbildura da. Katrina urakana gertatu zela hamar urte bete direnean, Fermin Muguruza New Orleansera joan da, eta bertako musikariekin bere ibilbideko hamar kantu grabatu ditu eta dokumental bat zuzendu du.

Bertan, bere egitasmoaren protagonistek hurbiltzen dute Fermin Muguruza bera beren errealitatera. Dokumentalak kontatzen du nola berreraiki zuen komunitateak hiria, egun dituzten erronka berriak, eta musikak izan zuen ezinbesteko papera urte hauetan guztietan. Musika, nortasun ikurtzat dute, baita bizitza eta heriotza ospatzeko modutzat ere.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!