"Gazteluko Udalak gauzak ondo egin ditu"

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko uzt. 22a, 11:20

Izakun Etxeberria eta Jon Goikoetxea herritarrak

Tolosako epaitegiak Gazteluko Udalak Erbian Errekako proiektuan ez duela prebarikaziorik egin esan du auto batean eta ondorioz, ez da epaiketarik egongo. Inputatuak zeudenak beraz, ez dutela deliturik egin esan du epaitegiak. Atzo iluntzean eman zuten ebazpenaren berri Gazteluko plazan.

"Justizia eskatzera gatoz" esanda hasi zuen agerraldia Gazteluko herritar talde batek. "Hemen bildu garen Gazteluko herritarrok gure sostengua eta babesa publikoki adierazi nahi diegu azken legealdietan udaletxean gobernua osatu duten EH Bilduko ordezkariei", gaineratu zuen Izaskun Etxeberria gazteluarrak.

Azaldu zuenez, Tolosako epaitegiak auto baten bidez adierazi duenez ez da inolako administrazio prebarikaziorik egon eta "ez inolako lege hausterik egin Gazteluko Udalean. Beraz, ez da epaiketa baterako inolako zantzurik ikusten Erbian Errekaren proiektuaren inguruan". Epaitegiak esandakoa ikusita Gazteluko Udalak "gauzak oso ondo" egin dituela esan zuen.

Publikoki justizia eskatu zuen, era berean. Batetik, "Gaztelu bezalako herri txiki baterako xentimorik irabazi gabe lanorduak nahiz denbora librea denon onurako eman duten ordezkariek jasan behar izan duten tratu txar eta jazarpen bidegabearen aurrean" eskatu zuen justizia. "Denek dakigu zein erreza den tamalez pertsona baten izena zikintzea eta gezurrak aireratzea. Pertsonalki gure ordezkariek urteetan zehar jasan behar izan dutena ikaragarria izan da", gaineratu zuen. Izan ere, azken urteetan, leku eta garai desberdinetan kartelak, pegatinak eta abar ikusi behar izan dituztela gogoratu zuen: "Lapurrak direla, prebarikadoreak direla eta aberasten ari direla esaten zuten. Ekintza hauek eskualde osoan eta harago Gaztelurekiko eragin duten nahasmenari eta desinformazioari nork emango dio orain buelta?".

Bestalde, komunikabideek afera honetan izan duten "utzikeria eta irizpide falta" ere salatu zituen. "Ikusi dugu kontrastatu gabeko informazioa zabaltzea zein erraza den", esan zuen.

Horiek horrela, justizia "desinformazioa, akusazio faltsuak eta tratu txarrak jakinaren gainean eragin duten guztiei" eskatzen dietela esan zuen; "bai eta hauei hauspoa eman diren EAJko zenbait pertsonei". Eta baita komunikabideei ere, "informazio zuzena eta zorrotza landu beharrean gezurra eta desinformazioa zabaldu dutela jakinda hau guztia jasan duten pertsonekiko inolako begirunerik" erakutsi ez dutelako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!