Beste 13 presoekin batera borrokaldian da Andoni Goikoetxea

Tolosaldeko Ataria 2015ko eka. 10a, 13:52

Frantziako Gobernuak etxetik 400 kilometro baino gehiagotara dauden presoen bisitak mugatu nahi ditu. Neurri horren aurkako borrokaldia abiatu dute korsikar eta euskal presoek.

Fleury Merogis (Frantzia) espetxean dauden 14 korsikar eta euskal presok borrokaldia abiatu dute. Uko egiten ari dira espetxeko janariari eta euren ziegetan itxi dira. Preso horietako bat da Andoni Goikoetxea gazteluarra.
Etxetik 400 kilometrora dauden presoek bisita bikoitzak jasotzeko eskubidea zuten, orain arte. Frantziako Gobernuak bisita mugatukoak ezarri nahi ditu eta presoek horren aurka protesta egiteko abiatu dute borrokaldia. Iragarri dutenez, aldaketarik ezean, «muturrera eramango dute euren borroka.

2013tik preso Frantzian

Aitor Esnaolaren atxiloketaren harira Guardia Zibila 2011ko apirilean joan zen Andoni Goikoetxearen bila Gaztelura. Polizia miaketak Txaramara ere zabaldu ziren, baina ez zuten Goikoetxea atzematerik lortu.
2013ko maiatzan Frantziako Poliziak guztira sei pertsona atxilotu zituen, ETA erakundeko kide izatea egotzita. Andoni Goikoetxea gazteluarra Correze departamentuan dagoen Brive-la-Gaillarde herrian atzeman zuten. Orduko hartan, Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak, ETAren nukleo logistikoarekin lotu zuen Goikoetxea eta lehergailuetan «aditurik handienetakoa» zela esan zuen.

2014an, Goikoetxea preso dagoen Fleury-ko espetxean zaintzaileek erasotu egin zutela salatu zuen Etxerat elkarteak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!