Kulturaz jositako asteburua ospatu dute asteburuan Gaztelun

Tolosaldeko Ataria 2014ko aza. 10a, 17:04
Argazkiak: Eider Olazar

Igandean herriko produktuak ikusi eta dastatzeko aukera izan zen azokan

Asteburu berezia izan da gazteluarrentzat pasa berri dena. Aspertzeko denborarik izan gabe, herritar guztiei zein interesa zuen orori zuzendutako  hainbat ekimen kultural izan dituzte asteburu kulturalean.
Larunbat arratsaldean haur eta gaztetxoen txanda izan zen. Eurei zuzendutako eskulan tailerrak izan zituzten herriko elkartean. Papera, kafe kapsulak, artileak, pintzelak, margoak, telak eta bestelakoak hartuta etxerako zein norberarentzat apaingarriak egiteko izan zuten Gazteluko gazteenek.
Iluntzean berriz, bideo emanaldia eskaini zuten. Egun Gaztelun bizi den Hasier Etxeberria kazetariak zuzendutako Euskaldunak saioa, hain zuzen ere. Gazteluarrek euren herrian bertan grabatutako saioa ikusi zuten primizian. Euskaldunak telebista saioko protagonista hiru euskaldun: Anne Igartiburu, Bernardo Atxaga eta Hilario Arbelaitz.
Ondoren afari herrikoia izan zuten Erroizpe Azpiko elkartean.
Azoka eta erretirodunen bazkaria
Igandean ere, atseden hartzeko tarterik gabe goiz osoan zehar azoka izan zuten frontoian eta inguruan. Bertan hamar postutik gora bildu ziren, gehienak herritarrenak, eta gaztain erreak dastatzeko aukera ere izan zen. Gainera, zaldi eta zaldikarroan ibiltzeko aukera ere izan zuten, bertaratu zirenek.
Ondoren, herriko helduenen txanda izan zen. Bazkaltzeko bildu baitziren herriko erretirodunak. Mahaiaren buletan kontu zaharrak gogoratu eta berriei tarte egin zieten, estomagua goxatzen zuten bitartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!