Andoni Goikoetxea preso gazteluarra erasotu dute Fleury-ko espetxean

Tolosaldeko Ataria 2014ko ira. 13a, 12:23

Astelehenean izan zen gertakaria, Etxerat elkarteak azaldu duenez; orain, 10 eguneko Mitard zigorra ezarri diote Goikoetxeari.

Etxerat elkarteak Andoni Goikoetxea Gabirondo preso gazteluarra erasotua izan dela salatu du. Azaldu dutenez, pasa den astelehenean gertatu zen erasoa, Goikoetxea preso dagoen Fleury-ko espetxean, Frantzian.

Iturriak prentsa ohar batean jakinarazi duenez, Andoni Goikoetxeak erizaindegian hitzordua zuen astelehenean, eta funtzionario baten aurretik pasatu zen hara bidean. Atera iristear zela, funtzionarioa atzetik zuela ohartu zen. Bera zegoen lekura itzultzeko esan zion, nortasun agiria erakustera; Goikoetxeak, baina, aurrera jarraitu zuen, eta jada atean zela, funtzionarioak bi alditan bultzatu zuen.

Etxerat-en salaketaren arabera, atea ireki bezain pronto funtzionarioa atean jarri zen. Goikoetxeak aurrera jarraitu zuen "indarrez", eta biek oreka galdu zuten. "Une horretan, erizaindegian ziren bi funtzionario etorri ziren, eta Andoni lurrera bota zuten, baita immobilizatu ere", salatu du elkarteak. Buruan bi ostiko eta bizkarrean "beste pare bat" jaso zituela gaineratu du.

Gertakariaren ondoren, Andoni Goikoetxea gazteluarra itxaron gela batera eraman zuten, eta erizaindegian zuen hitzordura ere bertaratu zen. Jarraian, mitard-era bideratu zuten, eta hamar eguneko mitard zigorra jasotzen ari da; asteazkenean irtengo da, beraz.

Aipatzekoa da, erizaindegira joateko igarobidean hainbat funtzionario izaten dela Fleury-ko espetxean. Etxerat elkarteak jakinarazpenean azaldu duenez, ordea, Fleury-ko euskal preso politikoek onartzen ez duten funtzionario bat zegoen pasa den astelehenean, bakarrik. Euskal Preso Politikoen Kolektiboak ez du onartzen berarekin harremanik, izan ere, "ez da preso bat erasotzen duen lehen aldia", azaldu dutenez.

2013ko maiatzaz geroztik

Andoni Goikoetxea 2013ko maiatzean atxilotu zuten Frantzian, ETAko kide izatea leporatuta, eta operazio berean beste bost pertsona atxilotu zituen Frantziako Poliziak. Operazioa baloratzerekoan, ETAren «nukleo logistikoa» desegin zutela nabarmendu zuen Espainiako Barne ministroak. Geroztik preso dago Frantzian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!