2010 urtean, ordungo ustiatzaile eta udalaren arteko hitzarmena bukatu zenean, ingurunea txukuntzeko konpromisoa hartu zuen udalak. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzarmena sinatu eta Larte deritzan udal lur eremua garbitu, itxiturak egin eta bertako artzain borda egokitzeari ekin zion udalak.
2012 urtean zehar mendi ingurunearen erdia hesitu zuten, 2014an beste erdia hesitu ahal izateko materiala eskuratu dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin eta egungo ustiatzailearen eta muganteen adostasunarekin. Horrez gainera, ingurunea garbitzeko lanak ere egin dituzte. Batetik, Tolomendi Tolosaldeko Landa Garapen Elkartearen babesarekin Larteko bordaren txukuntze lanak egin dituzte eta bestetik, herritarren auzolanari esker ur tanga garbitu dute, beste hainbat lanen artean.
Urte hauetan egin diren lanei esker herriko Larteko eremua "erakargarri eta txukun" geratu dela esan du udalak. "Hau ez litzateke posible izango aipatutako eragile guztiek ez bagenu parte hartu. Horregatik, gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu bai Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunei, bai Tolomendi eskualdeko elkarteari eta nola ez, auzolanaren parte izan diren herritarrei", esan du udalak.
Egindako lan guztia eskertzeko hamaiketakoa egin dute larunbatean, ekainak 28, 12:30ean Larten.