Andoni Goikoetxea gazteluarraren atxiloaldia luzatzea erabaki du Frantziak. Herenegun goizean atxilotu zuten ETAko kide izatea leporatuta, eta operazio berean beste bost pertsona atxilotu zituen Frantziako Poliziak. Operazioa baloratzerekoan, ETAren «nukleo logistikoa» desegin dutela nabarmendu du Espainiako Barne ministroak.
Correze departamentuan dagoen Brive-la-Gaillarde herrian atzeman zuten Goikoetxea, eta bertan izango dute Parisera epailearen aurrean deklaratzera eraman bitartean. Frantziako legediaren arabera gehienez 96 orduz luzatu daiteke atxiloaldia. Epea 120 ordutara luzatu dezakete, «arrisku terrorista» egon daitekeela ustez gero.
Elkarretaratzeak
Bestalde, Andoni Goikoetxea epaitegitik igaro bitarte Gaztelun elkarretaratzeak eta batzar informatiboak egiten jarraituko dutela azaldu dute. Herriko plazan izango dira, 20:00etan, Gerra estrategia eten! Andoni eta besteak askatu! Errepresiorik ez! lelopean. Elkarretaratzea egin ostean «dagoen informazio apurra» zabalduko diete bertaratzen direnei.
Herenegun iluntzean Andoni Goikoetxea gazteluarraren atxiloketa salatzeko 100 lagunetik gora elkartu ziren Gaztelun. Bertan esan zutenaren arabera, epaiketa egunean Frantziara joango dira Goikoetxeari elkartasuna azaltzera. Herritarrak elkarretaratzera gonbidatu dituzte, eta baita epaiketara joatera ere.