Santa Kruz apaizaren gorpua herriratzeko eskaera onartu dute

Ataria

Elduaingo Udalak egin dio eskaera zientzia elkarteari; Kolonbian hil zen apaiz elduaindarra duela 100 urte. Data zehatzik ez duten arren, gorpuaren «zati bat» ekartzeko aukera izango dutela jakinarazi du Aranzadiko kide den Karlos Almorzak.

Eskualdeko beste hainbat udalerrirekin batera, Elduain parte hartzen ari da Aranzadi Zientzia Elkartearen Tolosako setioa eta Belabietako bataila ikerketa-proiektuan. Historia doktore den Karlos Almorzak zuzentzen du ikerketa, eta dagoeneko dokumentazio ugari bildu du gaiaren inguruan, baita Santa Kruz apaizari buruz ere.

Ikerketaren barruan eta Santa Kruz apaizaren heriotzaren mendeurrenaren harira, urte hasieran Elduaingo Udalak herriko seme izan zen Santa Kruz apaizaren gorpua Kolonbiatik Euskal Herrira ekartzeko aukera aztertzeko eskatu zion zientzia elkarteari. Hainbat tramiteren ostean, dagoeneko onarpena jaso dutela jakinarazi du Almorzak: «Zati bat ekarriko dutela esan digute, baina ez dugu data zehatzik».

Santa Kruz apaizaren inguruan ere ezer gutxi dakitela nabarmendu dute udaletik, baina jakina da Kolonbian hil zela, 1926an.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!