Santa Kruz apaizaren heriotzaren mendeurrena ospatuko dute

Ataria

Urdelar kultur elkateak eta Elduaingo Udalak osatu dute egitaraua, Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin. Erakusketak, hitzaldiak, tailerrak eta mahai-inguruak egingo dituzte, besteak beste.

Abuztuaren 10ean ehun urte bete ziren Manuel Santa Kruz Loidi Kolonbian hil zela. Herrikide izan zutenaren heriotzaren mendeurrena okasio aproposa iruditu zaie elduaindarrei herriaren historiaren inguruan hausnartzeko, eta aurtengo urtean zehar ekitaldiak antolatzeko. Hala, Urdelar kultur elkarteak eta Elduaingo Udalak egitaraua osatu dute. Tartean Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntza ere izan dute.

Aurretik ere egin izan dituzte Manuel Santa Kruz oroitzeko hainbat ekitaldi herrian. 1980ko hamarkada hasieran, esaterako, kultur astea antolatu zuten Urdelar biltokian, eta, besteak beste, Joxe Azurmendi, Jokin Apalategi edo Paulo Iztuetak eman zituzten hitzaldiak. Remigio Mendiburu, Eduardo Chillida, Rafael R. Balerdi eta Jose Luis Zumetaren lanekin osatutako arte erakusketa bat ere jarri zuten ikusgai, eta astea borobiltzeko, II. Gerra Karlistako desfile militarra egin zuten.

Aurtengo urteurrenari erreparatuta ekitaldi artistiko-kulturalak egiteko asmoa dutela jakinarazi du udalak. Honela, hainbat erakusketa antolatu dituzte aste hauetarako. Besteak beste, dagoeneko plazan ikusgai dagoen Elduain eta karlismoaren inguruko dokumentu zaharren erakusketa. Dokumentuak «pixkanaka» aurkeztuko direla zehaztu dute antolatzaileek, «elkarrekin irakurri eta komentatzeko hitzorduak zehaztuz».

Udaletxeko pleno aretoan, berriz, Manuel Arroyoren karlismoari buruzko erakusketa izango da ikusgai. Urriaren 2tik 11ra bitarte egongo da ikusgai, eta ondorengo ordutegia izango du: astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara; ostiraletan eta larunbatetan, 18:00etatik 20:00etara; eta igandeetan, 10:30etatik 13:00etara.

Urriaren 2an, gainera, hitzaldia eskainiko du Amaia Nausia Pimoulier historialariak, Itzaleko protagonistak. Historiaren kontakizun androzentrikoa izenburupean. Kultur Etxean izango da, 18:30etan hasita.

Hitzaldiaz gain, mahai-ingurua ere prestatu dute, Karlismotik Nazionalismora izenburupean. Historia doktore den Karlos Almorzak egingo ditu moderatzaile lanak eta bertan parte hartuko dute Zumalakarregi museoko artxiboko arduraduna den Mikel Alberdik eta Joxin Azkue zizurkildarrak. Kultur etxean izango da, 18:30etan.

Belabietako batailaren istorioa gertutik ezagutzeko aukera izango dute herritarrek, Almorzaren eskutik. Izan ere, urriaren 4an, ibilaldia egingo dute Belabietara. Urriaren 4an izango da, eta plazatik abiatuko dira 09:00etan. Ondoren, mokadutxoa egingo dute.

Eskaintza herritar guztiei zabaltzeko asmoa dutela jakinarazi du Almorzak, eta horregatik, herriko txikienentzako ere hainbat jarduera prestatu dituzte; urriaren 3an, Almorzak gidatutako indusketa-tailerra egingo dute, 17:00etan, plazan; eta urriaren 25ean, berriz, Santa Kruz apaiz gerrillariaren ipuin-kontaketa izango da, 17:30etan, kultur etxean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!