Gaur 100 urte bete dira Manuel Inazio Santa Kruz Loidi (Elduain, 1842) Santa Kruz apaiza Kolonbian hil zela. 1926ko abuztuaren 10ean hil zen, Paston. Santa Kruz apaizari buruz ezer gutxi dakite haren jaioterrian. «Gauza asko esaten dira, eta, gehienak, gainera, haren aurkakoak. Alde batekoek zein bestekoek uzten dute toki txarrean. Kontuak edonola direla ere, uste dugu Euskal Herriko historian izan zuela zeresana, eta gehiago jakin nahi genuke gure herriko seme izan zenari buruz», esan zuen artikulu honetan Maite Bizkarrondo Elduaingo kultura zinegotziak.
Wikipedia entziklopedia askearen arabera, haurtzaroan umezurtz geratu ondoren, Gasteizko apaiztegian ikasi zuen, eta bertan egin zen apaiz. Apaizgai garaian haren izaera asaldatuak, indarrak, malgutasunak, eta abenturarako eta ez ikasteko zaletasunak nabarmendu zuten. 1866an Hernialdera bidali zuten erretore lanetara; gaur egun, haren izena darama herriko plazak.
1868an, Elisabet II.a Espainiakoa tronutik kendu eta gutxira, karlismoaren aldeko propaganda aktiboa egiten hasi zen. 1870eko urrian arrazoi horregatik atxilotu zuten, baina Ipar Euskal Herrira ihes egin zuen. 1872ko apirilean, Bigarren Karlistaldia hasi zenean, muga igaro eta talde batean kapilau sartu zen, baina berehala itzuli zen Ipar Euskal Herrira, Zornotzako ituna ez onartzeagatik. Beranduago, Aramaion berriro atxilotu zuten eta berriz ere ihes egitea lortu zuen, modu harrigarrian; ordu askoz ibai batean urperatuta egon zen, eta kanabera baten bidez hartu zuen arnasa. Aramaioar batek lagundu zion handik ezkutuan ateratzen, eta Anbotoko baserri batean lehenik, eta ondoren Ipar Euskal Herrian babestu zen. 1872ko abenduan berriro igaro zuen muga, eta 50 laguneko taldea bildu zuen.
Talde hura Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugan aritu zen borrokan, eta Santa Kruz berehala karlismoaren buruzagi agerikoenetako bat bihurtu zen. Mikeleteak segika zituela, zutabe liberalen aurkako segada batzuk burutu zituen. Ospetsu egin zen batez ere bere ausardia eta balentriengatik, baina baita bere ankerkeriagatik ere. Bere izenak lilura baino gehiago izua sorrarazten zuen. Zenbait eraikin erre zituen, tartean, Beasaingo tren geltokia.
Bere jokaera askea zela eta, gatazkak izan zituen karlismoaren buruzagi militarrekin, eta hauek haren aurkako neurriak hartzea erabaki zuten. Begitan hartu zuen Antonio Lizarraga jeneralaren aginduz gerra-kontseilua egin zioten, eta heriotza zigorra jaso zuen, nahiz eta handik lasterrera indultua eman zioten. Lehenago, 1873an Aian jazo zen gudan, Lizarragak ez zion laguntzarik bidali. Beranduago, bere taldeko komandantea fusilarazi zuen Santa Kruzek.
On Karlosek kargugabetu zuen Santa Kruz, eta armada liberalaren zein karlistaren jazarpena zela eta, borroka utzi eta muga berriz zeharkatu zuen. Gero, berriro itzuli zen Gipuzkoara, Lizarragak bere gizon batzuk fusilatu zituela jakin eta gero. 1873ko abenduan behin betiko atzerriratu zen, lehenengo Frantziara eta gero Ingalaterrara. Jesusen Konpainian sartu eta misiolari aritu zen Jamaikan eta Kolonbian, Azken herrialde horretan hil zen 1926an.
Heriotzaren mendeurreneko ekitaldiak
Eskualdeko beste hainbat udalerrirekin batera, Karlos Almorza historian doktoreak zuzentzen duen Tolosako setioa eta Belabietako bataila ikerketa-proiektuan parte hartzen ari da Elduaingo herria. Udalak urte hasieran eskatu zion Aranzadi Zientzia Elkarteari, herriko seme izan zen Santa Kruz apaizaren gorpua Euskal Herrira ekartzeko aukera aztertzeko.
Une honetan, apaizaren heriotzaren mendeurreneko ekitaldiak antolatzen ari da udala. Aurretik ere egin izan dituzte Santa Kruz oroitzeko hainbat ekitaldi herrian. 1980ko hamarkada hasieran, esaterako, kultur astea antolatu zuten Urdelar biltokian, eta, besteak beste, Joxe Azurmendi, Jokin Apalategi edo Paulo Iztuetak eman zituzten hitzaldiak. Remigio Mendiburu, Eduardo Chillida, Rafael R. Balerdi eta Jose Luis Zumetaren lanekin osatutako arte erakusketa bat ere jarri zuten ikusgai, eta astea borobiltzeko, II. Gerra Karlistako desfile militarra egin zuten.
Aurten, ordea, ekitaldi artistiko-kulturalak egiteko asmoa dute. Besteak beste, hari buruzko hitzaldi bat egingo omen dute, eta elduaindarrak eta Tolosaldeko alkateak gonbidatuko dituzte saio horretara.
